AUZITEGIAK

Protestara deitu dute 11/13 sumarioko auzipetuek

Elkarretaratzea egingo dute datorren astelehenean, Bilboko udaletxearen aurrean (19:30).

Oscar Sanchez eta Ibon Meñika, gaurko agerraldian.
Oscar Sanchez eta Ibon Meñika, gaurko agerraldian. Monika del Valle / FOKU

Jon O. Urain -

2019ko abuztuak 14

Presoen babes taldeetan aritzeagatik auzipetutako 47 lagunek manifestaziora deitu dute datorren astelehenerako, salatzeko sumarioa "erabateko zentzugabekeria" dela "euskal gehiengo sozialarentzat". Gaur Bilbon eginiko agerraldi batean, Ibon Meñika eta Oscar Sanchez auzipetuek azaldu dute Bilboko Aste Nagusia "aldarrikapen marko bat" izan ohi dela eta horregatik deitu dutela auzibidearen aurka protesta egitera.

Sumarioa "presoen eskubideen aldeko lanaren aurkako prozesua" dela salatu dute auzipetuek, eta gaineratu lan horrek "bakearen eraikuntza eta elkarbizitza" dituela "oinarri". "Injustiziatzat" daukate auzia, eta horren adibidetzat jo dute fiskalak 602 urteko espetxe zigorra eskatu izana.

Irailaren 16an hasiko da epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean, baina auzipetuek uste dute "konponbideen eta eskubideen garaia" dela: "Presoei eta erbesteratuei konponbide bat emateko, agendak bateratzeko ordua da; era guztietako sufrimendua amaitzeko eta etorkizun kolektibo hobea eraikitzeko garaia".

Datorren astelehenekoaz gain, auzipetuek epaiketaren kontrako manifestazio batera deitu dute irailaren 14rako, epaiketa hasi baino bi egun lehenagorako. Haien egoera salatzeko nazioartera joko dutela ere iragarria dute.