Fiskaltzak salaketa jarri du Larralderen aurka, animalien aurkako krudelkeria egotzita

Irudiak zabaldu eta gutxira jarri du Baionako Fiskaltzak pilotariaren aurkako salaketa. "Animalia baten aurkako krudelkeriarengatik" salatu dute. Halaber, izen berbera duen gazte batek ere salatu egin du pilotaria, "kalte morala" argudiatuta.

Bideoaren une bat. /
Bideoaren une bat. / @DANIEL_R_64

Nagore Arin -

2019ko abuztuak 14

Ekainean izan zen gertakaria, herriko jaietan. Ia bi hilabeteren ondoren, Bixente Larralde pilotariak eginikoaren irudiak zabaldu zituen Brigitte Bardot fundazioak, hilaren 9an. Irudi horietan ikusten denez, oilar bati lepoa moztu zion pilotariak: oilar bati lepotik hortzekin heldu, tira egin, lepoa txikitu eta burua lurrera bota zuen. Kasualitatez ikusi zituen fundazioak irudiak sare sozialetan, eta ikusi bezain laster salatu zuen ekintza. Bost egunen ondoren, Larralderen aurkako salaketa jarri duela jakinarazi du Baionako Fiskaltzak.

"Krudelkeria doilor" gisa definitu zuen fundazioak pilotariak eginikoa. Irudiak argitaratu eta berehala, oihartzun handia izan zuen albisteak. Fundazioak animalien babeserako 30 Million d'Amis izeneko elkartearekin batera aurkeztu zuen salaketa, Baionako epaitegian. Orain, karguak aurkeztea erabaki du fiskaltzak, gertakariaren inguruan ikerketa egin ostean. Legediaren arabera, bi urte arteko kartzela zigorra eta 30.000 euro arteko isuna jasotzeko arriskua du pilotari hazpandarrak, "animalien aurkako ekintza krudelengatik". Irailean izango da epaiketa.

Halaber, pilotariaren izen berbera duen hogei urteko gizon batek ere salaketa jarri du hazpandarraren aurka. Gertakariaren ondorioz jasotzen ari den mehatxuengatik jarri du salaketa, eta "kalte morala" jasan izana salatu du. France Bleu irratian egin ditu adierazpenak; esan duenez, pilotariak albistea ezagutarazi eta berehala utzi zituen sare sozialak, eta, ondorioz, bera izan zen haserrearen eta mezu iraingarrien jomuga bakarra.

Oihartzun handia

Euskal Herriko mugak igaro ditu albisteak. Mundu osoko hedabideetan agertu da, eta sare sozialetan ere eztabaida sutsua piztu du. Askotariko oharrak eta mehatxuak zabaldu dira batetik eta bestetik, eta heriotza ere desio izan diote 22 urteko hazpandarrari mezu horietan. Sinadurak biltzeari ere ekin dute; Larralde euskal pilotaren Frantziako talde ofizialetik kanporatu dezaten galdegin dute sinatzaileek. Ia 73.000 izenpe bildu dira dagoeneko.

Era berean, adierazpenak egin ditu Euskal Pilotaren Frantziako Federazioak. Agiri batean azaldu duenez, eremu judiziala ez dago federazioaren erabakitze eremuaren barruan. Hala, moderazioz jokatu dezatela eskatu die jokalaria sostengatu dutenei, egoera "zaila" dela iritzita. Afizionatu mailan ari da Larralde, eta Euskal Herriko txapela irabazia du, buruz buru.