Nafarroako Polizien Legea

Nafarroako Gobernua Madrilekin "elkarrizketarako bidea" lantzen saiatuko da, Polizien Legearen kontrako helegitea dela eta

Remirezek adierazi duenez, Nafarroako Gobernuak helburu izango du Nafarroaren "eskumenen eta autogobernuaren defentsa". Txibiteren gobernua akordioa lortzen ahaleginduko da, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak epaia eman aurretik.

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilaria, gaur, hedabideen aurrean.
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilaria, gaur, hedabideen aurrean. Jesus Diges/EFE

Berria -

2019ko abuztuak 14

Nafarroako Polizien Legearen aferan, Espainiako Gobernuarekin akordioa lortzeko ahalegina egingo du Nafarroako Gobernuak. Maria Txibiteren gobernuak adostasuna lortu nahi du, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak epaia eman aurretik. Hala azaldu du gaur Javier Remirez Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak. Espainiako Gobernuak Nafarroako Polizien Legearen kontrako helegitea jarri zuen Konstituzionalean, eta, auzitegiak ebatzi baino lehen, "elkarrizketarako bidea" jorratzen saiatuko da Nafarroa, bi gobernuak ados jartzea lortzeko.

Remirezek nabarmendu du Madrilen helegitea ez dela lege osoaren kontrakoa, ezta haren "funtsezko" arloei buruzkoa ere. Adierazi du helegiteak legearen "gai oso jakin batzuei" eragiten diela. "Bi gai konkretu dira: batak zerikusia du polizia laguntzailearen figuraren aginte mailarekin, eta bestea lotuta dago legeak foru erkidegoan dauden polizia indarren koordinaziorako duen helburuaren izendapenarekin".

Nafarroako Gobernuko zerbitzu juridikoak Espainiako Gobernuaren helegitea aztertzen hasiko direla adierazi du Remirezek, "arauaren defentsa juridikorako posizioa" zehazteko. Lan horien arduradun izango da Joseba Asiain Lehendakaritza zuzendari nagusi izendatu berria. "Gobernuaren premisa da gure eskumenen eta autogobernuaren defentsa. Horrek ez du esan nahi nazioko gobernuarekin elkarrizketa bide bat hasiko ez dugunik aztertzeko ea posiblea den ados jartzea Auzitegi Konstituzionalak auziaren gainean ebatzi aurretik".

Espainiako Gobernuak uste du "polizia laguntzaileak" behin-behinean kontratatzeko erabakiak herritarren oinarrizko eskubideei kalte egin diezaiekeela.

Joan den ekainean, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen udaltzainak ezin direla behin-behineko langile izan, "segurtasun indar izaera" dutela argudiatuta. Polizien Legeak, baina, polizia laguntzaileen figura aurreikusten du, eta haren bitartez behin-behineko kontratazioak egiteko aukerari eutsiko liokete Nafarroako udalek.

Eusko Legebiltzarrak Gorenak epaia eman ondorengo egunean onartu zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Polizien Legea. Arau horrek ere polizia laguntzailearen figura aurreikusten du, eta laguntzaile horien behin-behineko kontratazioa bermatzen du 120. artikuluan.