Kontu publikoak

Zerga bilketa espero baino pixka bat txikiagoa da

Uztailera arte, %1,7 handitu da bilketa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iragarpena bete ahal izateko, %1,9 gehiago jaso beharko dute

Iker Aranburu -

2019ko abuztuak 14

Zerga bilketa iazkoaren gainetik doa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina, oraingoz, ez da iritsi esperotakora. Urteko lehen zazpi hilabeteetan 8,529,6 milioi euro jaso dituzte hiru foru ogasunek, aurreko urtean baino %1,7 gehiago. Urtearen amaieran igoera hori baieztatuko balitz, inoiz hiru lurraldeek zergetan bildutako kopururik handiena izango litzateke, 15.240 milioi euro inguru.  

Datu hori gertu dago, baina ez da heltzen 2019 osorako Finantzen Euskal Kontseiluak iazko urrian egindako kalkulura. Orduan iragarri zuten aurten 15.265 milioi euro jasoko zituztela zergetan. 2018an jasotzea espero zuten baino %3,8 gehiago bilduko zutela kalkulatu zuten, baina kalkulu horretan motz geratu ziren, azkenean uste baino 275 milioi gehiago sartu baitziren ogasunen kutxetan: 14.981 milioi, hain zuzen ere. Kopuru hori baino %1,9 gehiago dira 15.265 milioi euro.

Aldea txikia da, 25 milioi euro inguru besterik ez, eta ez luke arazorik sortu beharko Eusko Jaurlaritzaren eta aldundien kutxetan, soilik ez dutela aparteko dirurik izango azken orduko gastuetarako edo zorra txikitzeko. Baina aldaketa nagusia joerarena da. Krisiaren urteetan aurreikuspen oso baikorretara iritsi ezinik ibili ondoren, 2017an eta 2018an askoz jarrera zuhurragoa izan dute Ogasuneko arduradunek, eta iragarpenetan oso motz geratu dira. Iragarpen horiek badute garrantzia, aurrekontuak haien arabera egiten direlako.  

Atxikipenak, gora

Ogasunek tentu handiz hartu ohi dituzte uda arteko bilketaren emaitzak, zerga kanpaina nagusiak amaitu arte gorabehera handiak izan ohi baitituzte zenbakiek. Uztailekoek, ordea, urtea nondik nora joan daitekeen esateko datu fidagarriak ematen dituzte. Datu horiek erakusten dute errenta zerga dela aurten ongien portatzen ari dena. Lanaren errentei egiten zaizkien atxikipenak %5,5 handitu dira Gipuzkoan, %5,3 Bizkaian, eta %5 Araban, langabeziak azken urteetan izan duen bilakaera positiboaren ondorioz. Atxikipen handiagoen bidez, errenta zergaren bilketa %4 handitu da Bizkaian eta %2,8 Gipuzkoan; Araban, berriz, %4,6 jaitsi da, Ramiro Gonzalezen gobernuak aurten itzuli dituelako amatasun eta aitasun laguntzei aurreko urteetan egindako zenbait atxikipen.

Diru gehien ematen duen beste zergak, BEZak, joera oso desberdina du: %4,3 gutxiago ekarri du Gipuzkoan, %2,8 Araban, eta paretsu Bizkaian. Sozietate zergari dagokionez, Araban soilik eman ditu orain arte zenbaki positiboak (+%3,9). Gipuzkoan %17,5 gutxiago bildu du zerga horrek, eta Bizkaian, %6,9 gutxiago. Ordainketa epeetan egindako aldaketek eta azken erreformarekin tasak jaisteak azal dezake txikitzea.

Orain arte, bilketa Bizkaian (+%2,4) eta Araban (+%1,7) hazi da gehien; Gipuzkoan, %0,1 baizik ez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna