G7 Miarritzen

"Okupazio indarren" aurkako elkarretaratze bat egin dute Uztaritzen

G7koen goi bilera hasiko dute aste bukaeran, eta San Josepe lizeoan ostatu hartu duten soldaduen presentzia salatu dute herriko gazteek.

G7koak irudikatzeko panpina, sutan, atzo Uztaritzen. /
G7koak irudikatzeko panpina, sutan, atzo Uztaritzen. / Guillaume Fauveau

Oihana Teyseyre Koskarat -

2019ko abuztuak 19

Ezohiko segurtasun neurriak direla eta, Ipar Euskal Herriko biztanleak hasi dira Frantziako Poliziaren eta armadaren presentzia sumatzen. Tokiko ia hotel, kanpaleku eta ikastetxe guztietan daude aterpetuak poliziak eta soldaduak. Adibidez, Frantziako armada iritsi da Uztaritzeko (Lapurdi) San Josepe lizeora. Herriko gaztetxeko kideek, ordea, ez dute onartzen "okupazio militarra", eta elkarretaratze bat egin zuten bart gauean lizeoko ateen aitzinean; hirurogei bat lagun bildu ziren "alde hemendik" oihukatzera.

G7koak irudikatzeko panpin bati su eman zioten ekitaldiaren hasieran, parean soldaduak so zituztela hesien gibelean. Ez dugu ere ez 4G-rik, zergatik ukan G7-a? irakur zitekeen pankarta batean, G7, militar, txakur, inperialistak: alde hemendik! bestean.

Ordu bateko ekintzaren ondotik, urruntzen hasi ziren parte hartzaileak. Aldi berean, jendarmeriako lau kamioi iritsi ziren, BAC Kriminalitatearen Aurkako Brigadarekin batera, eta bidea itxi zuten ordu laurden batez.

Hazparneko (Lapurdi) gazteek jakin dutenez, bertako San Josepe ikastetxean ere Polizia egongo da lotan G7koen garaian. Kideek "mobilizazioei adi" egoteko deialdia egin dute; haiek ere "okupazio indarren aurkako kontzertu salbaia" antolatu nahi dute egoera salatzeko.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna