Donostiako Zinemaldia

Affleck, Koreeda, Larrain, Sciamma eta Soderberghen azken lanak emango dituzte Perlak sailean

Michael Angelo Covinoren 'The Climb' komediak itxiko du saila lehiaz kanpo

Mery Streep, Steven Soderberghen 'The Laundromat' filmean.
Mery Streep, Steven Soderberghen 'The Laundromat' filmean. Donostiako Zinemaldia

Berria -

2019ko abuztuak 21

Hamar film berri gehitu dira Donostiako 67. Zinemaldiaren Perlak sailera. Besteak beste, Casey Affleck, Robert Eggers, Hirokazu Koreeda, Pablo Larrain, Celine Sciamma, Makoto Shinkai eta Steven Soderbergh zinemagileen azken lanak emango dituzte. Gainera, The Climb-ek, Michael Angelo Covinok zuzendutako komediak, itxiko du saila lehiaketaz kanpo.

Hirokazu Koreedak (Tokio, 1962), 2018ko Donostia saridunak, La vérité aurkeztuko du, Veneziako Mostraren lehiaketari hasiera eman eta egun gutxitara. Zuzendariaren azken filmean, elkarri kontu eskean ari diren ama-alaba batzuk hezurmamitu dituzte Catherine Deneuvek eta Juliette Binochek. Aurrez Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatua da zinemagilea, Wandafuru raifu (After Life, 1998), Hana yori mo naho (Hana, 2006), Aruitemo, aruitemo (Still Walking, 2008) eta Kiseki (Kiseki-I Wish, 2011, gidoi onenaren sariduna) filmekin. Gainera, bitan irabazi du Publikoaren saria, Soshite chichi ni naru (Like Father, Like Daughter, 2013) eta Umimachi Diary (Our Little Sister, 2015) filmei esker, hain zuzen.

Italiako zinema jaialdian lehiatuko da, halaber, Steven Soderbergh (Atlanta, AEB, 1963), The Laundromat-ekin. Meryl Streep, Gary Oldman eta Antonio Banderas dira filmaren protagonistak. Oraingoan, Panamako paperen inguruko trama bat aukeratu du Sex, Lies and Videotape (1989), Erin Brockovich (2000) eta Ocean's Eleven (2001) filmen egileak. Dirua paradisu fiskaletan gorde zuten pertsonaia garrantzitsu batzuei buruzko ikerketa da filmaren ardatza.

Pablo Larrainek (Santiago, Txile, 1976) Donostia Hiria Publikoaren Saria lortzeko lehian parte hartuko du Ema filmarekin. Venezian lehiatuko da huts egindako adopzio baten ondorioei aurre egin behar dien bikote bati buruzko film luze hori. Azken hamarkadan, txiletar zuzendariak behin baino gehiagotan parte hartu du Horizontes Latinos sailean, Tony manero (2007), Post Mortem (2010) eta El club (2015) filmekin, eta Perlak sailera No (2012) eta Neruda (2016) ekarri zituen.

Ciro Guerra (Rio de Oro, Kolonbia, 1981) ere Urrezko Lehoia lortzeko lehian izango da ingelesez egin duen lehen filmarekin; Waiting for the Barbarians du izena, eta J.M. Coetzeeren izen bereko eleberriaren egokitzapen bat da. Mark Rylance, Johnny Depp eta Robert Pattinson dira protagonistak, besteak beste. Kolonbiar zuzendariak aurretik egindako lan guztiak Donostian izan dira. La sombra del caminante filmak Zinema Eraikitzen saria irabazi zuen 2003an eta urtebete beranduago, Zuzendari Berriak sailean egon zen. Ondoren, Los viajes del viento (Horizontes Latinos, 2009), El abrazo de la serpiente (Horizontes Latinos, 2015) eta Pájaros de verano (Perlak, 2018) film luzeekin itzuli da.

Cannesko zinema jaialdian izandako zenbait lan ere emango dituzte Perlak sailean. Naissance des pieuvres (Un Certain Regard, 2007), Tomboy (Berlingo Panorama, 2011) eta Bande de filles (Errealizadoreen Hamabostaldia eta Perlak, 2014) aurkeztu ondoren, Cwline Sciammak (Pontoise, Frantzia, 1980) Portrait de la jeune fille en feu ekarriko du Donostiara, margolari baten eta haren modeloaren arteko harremanari buruzko istorio bat. Hari esker, gidoirik onenaren saria irabazi zuen Frantziako lehiaketan. Un Certain Regard sailean, berriz, The Climb-ek parte hartu zuen. Michael Angelo Covino aktore eta ekoizleak zuzentzen duen lehen film luzea da. Bi gizonek urteetan zehar izandako adiskidetasunari buruzko istorio horrek itxiko du Perlak saila, lehiaketaz kanpo.

The Lighthouse Robert Eggers (Lee, AEB, 1983) zuzendariaren bigarren filma da, The Witch-en (2015) ondoren. Robert Pattinson eta Willem Dafoe protagonistek irla urrun batean bizi diren bi farozain antzeztu dituzte. Astiro, eromenera amiltzen hasiko dira biak. XIX. mende hasieran girotutako zuri-beltzeko film horrek Fipresci saria eskuratu zuen Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian. Sail horretan bertan, halaber, Label Europa Cinema saria jaso zuen Nicolas Pariserrek (Paris, 1974). Le grand jeu (2015) filmarekin hasi zen formatu luzean, eta Alice et le maire zuzendu du orain. Filmean, alkate zahar bat (Fabrice Luchini) filosofo bikain batekin (Anais Demosutier) harremanetan jarriko da hutsune existentzialeko krisialdi bat gainditzeko.

Berlingo Panoraman estreinatutako film bat hartuko du Perlak sailak. I’m Still Here (2010) lanarekin estreinakoz kamera atzean aritu ondoren, Casey Affleck (Falmouth, Massachusetts, AEB, 1975) aktoreak zuzendari eta protagonista lanak bete ditu Light of My Life filmean. Emakumeak ia-ia desagertu diren mundu batean zehar dabiltzan aita-alaba batzuei buruzkoa da. Azkenik, Japonian estreinatu eta gutxi barru Toronton emanaldia izan ondoren, Donostian Europako estreinaldia izango du Makoto Shinkairen (Nagano, Japonia, 1973) Tenki no ko / Weathering With You animazio film berriak. Aurrez, besteak beste, Hoshi o ou kodomo / Children Who Chase Lost Voices (2011) eta Kimi no Na wa / Your Name (2016) lanak egin ditu zuzendariak; hori, gainera, Europako estreinaldia izan zen Donostiako Sail Ofizialean.

Hamar film horiek gehitu zaizkie jadanik jakinarazitakoei, eta, hortaz, zuzendari hauen lanak osatuko dituzte: Kantemir Balagov (Beanpole), Alan Elliott eta Sidney Pollack (Amazing Grace), Bong Joon-Ho (Gisaengchung / Parasite), Ken Loach (Sorry We Missed You), Ladj Ly (Les Misérables), Olivier Nakache eta Eric Toledano (Hors normes), Oliver Laxe (O que arde)eta Wang Xiaoshuai (Di jiu tian chang / So Long, My Son).  

Lan guztiak Donostia Hiria Publikoaren Sarietarako hautagai izango dira: filmik onenarena (50.000 euro) eta Europako filmik onenarena (20.000 euro).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna