Migrazioak

Hilaren 27an itsasoratu nahi dute 'Aita Mari' ontzia

Erreskate lanak egin ahal izateko baimena eskuratuta abiatu nahi dute.

'Aita Mari' ontzia, Pasaiako portuan, uztailaren hasieran. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
arantxa iraola
2019ko abuztuaren 21a
15:31
Entzun

Pasai Donibanen (Gipuzkoa) dago itsasontzia joan den hilaren hasieratik; egin dizkiote behar zituen konponketak, eta berriz itsasoan ibiltzeko prest dago. Eta SMH gobernuz kanpoko erakundeko lehendakari IƱigo Mijangosek esan du, hain zuzen, hilaren 27an atera nahi dutela. Mediterraneo itsasora joan nahi dute, migratzaileak eta iheslariak dauden tokietara, haiek erreskatatzeko lanetara. Propio horretarako atondutako ontzia da, baina ez du orain arte horretarako baimenik lortu; apiril eta ekain bitartean Greziako uretan ibili zen, errefuxiatuei laguntza ematen, baina erreskate lanik ezin izan zuen egin.

Uztailaren hasieran Euskal Herrira itzuli zirenean, erreskateak egiteko debekuaren aurkako bidea hasiko zutela esan zuten, eta, gaur, Mijangosek berretsi du asmo horrexekin dabiltzala oraindik ere. Ontziko eskifaiako kideek esan dute horretarako eskabideak "abokatuen" esku daudela oraindik, eta onbidean gauzatzea espero dutela. Espainiako Gobernuaren Sustapen Ministerioari diote eskaria eginda, eta erantzunaren zain daude. Urak nahasi daudela badakite, ordea. Open arms itsasontziak egunak egin ditu hainbat pertsona erreskataturekin, portu seguru baterako sarbidea lortzeko traba asko jarri dizkiote, eta badakite horrek sortu duen zurrunbiloak 'Aita Mari' ontziaren gaineko erabakia ere "baldintzatuko" duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.