Donostiako Zinemaldia

Sail Ofizialean lehiatuko dira Gavron, Gyal, Szumowska, Waddington, Winocour eta Winters

Guztira hamazazpi ekoizpen lehiatuko dira Donostiako 67. Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazteko.

'Rocks' filmeko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Berria
2019ko abuztuaren 22a
07:18
Entzun

Donostiako 67. Zinemaldiak osatua du Sail Ofizialean, Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian, izango diren filmen zerrenda. Lehiaketan izango diren sei pelikularen berri eman du gaur, eta, horrenbestez, osatuta gelditu da hamazazpi laneko zerrenda. Zinema jaialdia irailaren 20tik 28ra egingo da.

Sarah Gavronen (Erresuma Batua, 1970) lehenengo lana, Brick Lane, Zuzendari Berriak saileko aukeran sartu zen 2007an. Village at the End of the World (2012) ez-fikzioko filmean zuzendarikide aritu ondoren, Suffragette (2015) saritua egin zuen. Theresa Ikoko eta Claire Wilson gidoilariek idatzi dute Rocks, Donostiako Zinemaldian aurkeztuko duen filma,Ikokoren beraren istorio batean oinarritua, nerabe baten istorioa kontatzeko; neba txikiarekin bakarrik bizi da, agintariek horren berri izanez gero bananduko ote dituzten beldurrez.

Sonthar Gyal (Tibet, 1974) Locarnon lehiatu zen bere lehenengo filmarekin (Dbus lam gyi nyi ma / The Sun Beaten Path, 2011) eta Berlinen, berriz, bigarrenarekin (Gtsangbo / River). Iaz Ala Changso egin zuen, eta Shanghain Epaimahaiaren Sari Berezia eta gidoirik onenaren saria eskuratu zituen lan horri esker. Lhamo and skalbe film berrian, iraganeko kontuak direla-eta ezkondu ezin den bikote bat da protagonista.

Malgorzata Szumowskaren (Krakovia, 1973) 33 sceny z zycla (2008) filmak Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen Locarnon, eta Zinemaldiko Eastern Promises atzera begirakoan parte hartu zuen. 2015ean, Cialo (2015) zuzendu, eta Berlinen Zilarrezko Hartza eta Europako Zinema Sarietan Publikoaren saria irabazi zituen. Iaz, berriz, Berlingo Epaimahaiaren Sari Nagusia jaso zuen Twarz / Mug (2018) filmari esker. The Other Lamb filmean ere nerabe bat da ardatza: erlijio alternatibo baten jarraitzaile sutsua da.

Portugalen dramagile eta antzezle gisa ibilbide luze eta arrakastatsua egin ondoren (besteak beste, Tiago Guedes eta Ivo Ferreira zinemagileekin lanean), Gonçalo Waddington (Lisboa, 1977) estreinakoz aritu da formatu luzean zuzendari. Patrick filmean, txikitan bahitutako nerabe baten istorioa kontatuko du.

Alice Winocourek (Paris, 1976) Cannesen aurkeztu zituen bere lehen bi filmak: lehena, Augustine, Kritikaren Astean (2012), eta bigarrena, Maryland / Disorder, Un Certain Regard sailean. Gainera, Mustang filmari esker jatorrizko gidoirik onenaren Cesar saria irabazi zuen. Proxima-n, Matt Dillon eta Eva Green zuzendu ditu; hain zuzen, zazpi urteko alabarekin bakarrik bizi den astronauta bat hezurmamitu du Greenek.

Paxton Wintersek Crude (2003) filmarekin egin zuen debuta, eta Seattlen eta Los Angelesen saritu zuten. Pacified-ek nerabe baten eta espetxetik atera berri den trafikatzaile baten arteko adiskidetasuna kontatuko du, Brasilgo Joko Olinpikoetan favelen gainean ezarritako polizia kontrola harturik testuingurutzat.

Sei film horiek gehitu dira duela zenbait egun jakinarazitakoen zerrendara: Alejandro Amenabar (Mientras dure la guerra), Louise Archambault (Il pleuvait des oiseaux), Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga (La trinchera infinita), James Franco (Zeroville), Belen Funes (La hija de un ladrón), Roger Michell (Blackbird), Guillaume Nicloux (Thalasso), Jose Luis Torres Leiva (Vendrá la muerte y tendrá tus ojos), Ina Weisse (Das Vorspiel), Adilkhan Yerzhanov (A Dark-Dark Man) eta David Zonana (Mano de obra).

Gainera, lehiaketaz kanpo parte hartuko dute François Girardek (The Song of Names), Sail Ofiziala itxiko duen filmarekin, eta Daniel Sanchez Arevalok (Diecisiete), eta Sebastian Borenszteinen La odisea de los giles-ek emanaldi berezia izango du. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.