Migratzaileak

"Sufrimenduz beteriko" hamalau egunen ostean, Maltan lehorreratuko da 'Ocean Viking' itsasontzia

Guztira 356 migratzaile daramatza Mugarik Gabeko Medikuak eta SOS Mediterranee erakundeen itsasontziak. Europako Batasuneko sei herrialderen artean banatuko dituzte migratzaileak.

Migratzaile talde bat Ocean Viking' ontzian, joan den astean.'. HANNAH WALLACE BOWMAN HANDOUT
Nagore Arin.
2019ko abuztuaren 23a
18:18
Entzun

Itxaronaldiak ilundutako esperantza piztu du Open Arms ontziaren porturatzeak. Hamalau egun daramatzate nazioarteko uretan, baina azkenean iritsi da erantzun bat Ocean Viking ontziko 356 migratzaileentzat ere, portu seguru batean lehorreratzeko baimen baten itxaronaldia dagoeneko amaituta. Maltako Gobernuak jakinarazi du albistea: Maltako portu batean lehorreratuko dira migratzaileak, eta, ondoren, Europako Batasuneko sei herrialderen artean banatu.

Frantzia, Alemania, Irlanda, Luxenburgo, Portugal eta Errumania agertu dira migratzaileak hartzeko prest. Hala jakinarazi du Joseph Muscat Maltako lehen ministroak: "Europako Batzordearekin eta hainbat herrialderekin eztabaidatu ostean, nagusiki Frantzia eta Alemaniarekin, Malta ere itsasontziak bizi duen geldiunearen irtenbidearen parte izango da". Sare sozialen bitartez jakinarazi du neurria. Hala, Maltako itsas armada arduratuko da 356 migratzaile daramatzan ontzia portu seguru batean lehorreratzen laguntzeaz. Muscat lehen ministroak azpimarratu duenez, Malta ez da migratzaileen kargu egingo.

Christophe Castaner Frantziako Barne ministroak ere egin ditu adierazpenak. Frantziak 150 migratzaile hartuko dituela jakinarazi du, eta "datozen egunetan" iritsiko direla. Hala, herrialdeak "elkartasunari eusten" jarraitzen duela nabarmendu du. Halaber, eskerrak eman dizkio Maltako Gobernuari, elkarrekin posible egin dutelako "Europako irtenbidea". Dimitris Avramopoulos Europako Batzordeko kideak ere hitzarmena goraipatu du, eta migratzaileen banaketa ahalik eta azkarren egiteko eskatu du: "Konpromiso hauek ahalik eta azkarren bete behar dira".

Mugarik Gabeko Medikuak eta SOS Mediterranee erakundeek ere ospatu egin dute albistea. Hala ere, hitzarmen bat galdegin dute: "Europako Batasuneko herrialde batzuek hondamendi humanitario honi irtenbide bat emateko erabakia hartu duten arren, beharrezkoa da lehorreratzeko mekanismo bat zehaztea, aurrez esateko modukoa". "Sufrimenduz beteriko hamalau egunen ondoren" iritsi da erabakia; izan ere, egoera gero eta ezegonkorragoa zen itsasontzian. Migratzaileak gero eta urduriago zeudela eta egoera gero eta korapilatsuagoa zela ohartarazi zuten erakundeek. Migratzaileen artean, gainera, 103 haur daudela nabarmendu zuten, haietako gehienak bakarrik.

Ontzia hilaren hasieran irten zen itsas zabalera, Libian gerratik ihesean ari diren migratzaileak erreskatatzeko asmoz. Abuztuaren 9 eta 12 artean egin zituzten erreskateak, eta, geroztik, itxaronaldi luze baten lekuko izan dira migratzaileak. Open Arms ontziaren porturatzeak, baina, esperantza piztu zuen. Euskal Herrian ere Aita Mari ontziak adierazi du itsasora irtengo dela berriz ere, erreskateak egiteko asmoz. Asteartean itsasoratzeko prest dute Aita Mari ontzia, hilaren 27an, baina erreskateak egiteko baimena lortzea dute xede orain. Espainiako Gobernuak Open Arms ontziari ezar diezazkioken isunei dagokienez, debekuak nazioarteko araudi oro apurtzen duela diote: "Delitu da laguntzarik ez ematea".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.