G7koen goi bilera Miarritzen

G7koen aurka, "mugimendu sozialen arteko aliantzak eraikitzera" deitu dute 15.000 lagunek

Hendaiatik Irunerako bidea egin du martxak, G7 ez, Euskal Herritik beste mundu bat sortzen lelopean. Giro "lasaia" egotea espero zuten antolatzaileek, eta hala izan da: joaldunak, musika... Amaieran, adierazpen bat irakurri dute, Irungo Ficoban.

Hodei Iruretagoiena -

2019ko abuztuak 24

Manifestazioaren amaieran irakurritako testuan, antolatzaileek nabarmendu dute G7koen aurkako kontragailurra "mugimendu sozialen arteko beharrezko aliantzak eraikitzeko mugarri garrantzitsua" izan dela. Atzo adostu zuten, kontragailurrean parte hartzen ari direnen arteko batzar batean, eta gaurko mobilizazioaren amaieran irakurri dute, Eñaut Aramendik euskaraz, Aurelie Trouvek frantsesez eta Anabel Sanzek espainieraz. "Eremu zehatzetako aliantzak eraikitzeko garaia da, baina baita ere sakontasun handiagoko aliantzak, etorkizuneko ekintzetarako erabakigarriak izango diren aliantzak". 15.000 lagun inguruk hartu dute parte gaurko manifestazioan, antolatzaileen arabera.

Bide horretan, agenda bateratu bat ere jaso dute adierazpenean, mundu osoko, Europako, Frantziako Estatuko eta Euskal Herriko deialdiekin: klimaren inguruko grebak, Martxoaren 8a eta Maiatzaren Lehena, pentsiodunen mobilizazioak, 11/13 sumarioan auzipetutako 47en aldeko manifestazioa, Lurrama azoka, 2020ko Euskaraldia...

G7koen "politika neoliberal eta autoritarioak" salatu, eta "alternatibak" sortzeko beharra nabarmendu dute agirian. "G7 zatitu baten aurka mobilizatzen gara". Antolatzaileek oroitarazi dute 1990eko hamarkadan G7ko agintariek hitzeman zutela "globalizazio neoliberalak merkatu demokraziaren garaipena" ekarriko zuela, baina azaldu dute promesa horiek guztiek "sistemaren krisi handienetako baten aurka" jo dutela.

"Mobilizazio honekin erakutsi nahi dugu posible dela humanitatearen oinarriak suntsitzen dituen sistemaren aurkako erresistentzia", esan dute deitzaileek. "Posible da alternatibak garatzea lehia baino lankidetza lehenesten duten territorio eta komunitateetatik [...] Munduko beste leku askotan bezala, hemen, Euskal Herrian, harreman ezberdinak eraikitzen ditugu".

Gakotzat jo dute tokiko lankidetza horiek bultzatzea eta indarrak batzea: "Gure alternatibak demokraziaren, elkartasunaren eta gizon-emakumeen arteko berdintasunaren balioak ezartzen ditu. Bateraezinak dira kapitalismo neoliberalarekin". Besteak beste, jaka horiak eta mobilizazio feminista eta ekologistak aipatu dituzte, baita autodeterminazio eskubidearen aldeko borrokak ere. "Arrazoi horiengatik, Aljeria, Hong Kong, Katalunia, Palestina, Sudan eta beste leku batzuetako borrokei elkartasuna agertzen diegu".

Manifestazioa, jai giroan

"Hartu ditugu gure medio guztiak, onartu ditugu bi plataformen artean ekintzaren kontsentsu bat. Eskatzen dugu jende guztiari kontsentsu hori errespetatzea, eta manifestazio hori ahal bezain jendetsu, alaitsu eta guztien artean kolore guztietakoa izatea". Dei horrekin abiatu dute G7koen goi bileraren aurkako manifestazioa, gaur, Hendaiatik (Lapurdi).

Atzoko balorazioan aurreratu zuten gisan, "giro lasaia, jai giroa, musika, joaldunak, zuzeneko musika eta animazioak" egon dira manifestazioan. Joaldunak joan dira G7 ez, Euskal Herritik beste mundu bat sortzen zioen pankartaren aurretik, eta batukada ere aritu da atzealdean. Gertakari bakarra manifestazioaren bideko taberna batean izan da; antza, martxarekin zerikusirik ez zuten arrazoiengatik, Frantziako Poliziak pertsona bat atxilotu du.

Aldarriak ere askotarikoak izan dira; migratzaileen eskubideen aldekoak eta agintarien migrazio politiken aurkakoa, esaterako:

Halako batean, alboko kale batetik hurbildu dira poliziak, baina ez da tirabirarik sortu.

Ekintza sinboliko bat ere egin asmo dute bidean, Hendaia eta Irun arteko Santiago zubian. Lapurdi eta Gipuzkoa arteko muga igaro du G7koen aurkako manifestazioak, "herriei ezarritako muga" hautsiz. Joaldunak joan dira martxaren buruan, eta haiek apurtu dute muga hori irudikatzen zuen pankarta. Ficoban amaituko da martxa, eta antolatzaileek atzo adostutako adierazpen bat irakurriko dute.

Atzo, kontragailurraren balorazioa egin zuten. Jakinarazi dutenez, orotara 5.800 lagun inguru ibili dira antolatutako hitzaldi eta ekintzetan. Besteak beste, estaturik gabeko nazioen egoeraz, elikadura burujabetzaz eta krisi ekologikoaz aritu ziren atzoko saioetan.

14:00etan, berriz, herri batzarra egin zuten, adierazpen bat adosteko —gaur irakurriko dute, manifestazioaren amaieran—. Asteazkenean hasita, hiru egunez aritu dira hitzaldi eta bestelakoetan, Ficoban eta Hendaian. “Azpimarratu nahi dugu egun hauetan egondako parte hartzea, giro ona eta oro har, topaketa honek izan duen kalitatea”.

Aurreko egunetan ez bezala, tentsioa areagotu zen atzo iluntzean, batez ere, Urruñatik Erlaitzerako bideetan. G7koen aurkako kontragailurra egiten ari direnen kanpalekutik —Urruñan da— ehunka manifestari atera ziren, autobidea blokeatzeko asmoz. Erlaitzerako bidea hartu zuten, baina Polizia jarri zitzaien aurrean, eta ez zieten jarraitzen utzi. Zenbait denboraz pentzeetan aritu ondoren, motorretan etorri ziren polizia batzuk oldartu zitzaizkien manifestariei. Urruñako kanpaleku sarreran negar gasa eta gomazko pilotak bota zituen Poliziak, eta barrura ere sartu ziren. Hamazazpi lagun atxilotu zituzten gutxienez.

Zuzeneko kontakizuna

21:17
2019-08-24

Sare sozialetan, Pirinio Atlantikoetako prefeturak zabaldu du ez dela zauriturik izan Baionako liskarretan eta saltokietan ere ez dagoela kalterik.

18:09
2019-08-24
17:46
2019-08-24

Baiona erdigunea, itxita

Itxi egin dute Baionako erdigunea, Herriko Etxeak ohartarazi duenez, "manifestazio bat aurreikusita dagoelako". Hiria hartuta dute poliziek https://www.berria.eus/albisteak/170320/itxi-egin-dute-baiona-erdigunea-manifestazio-bat-aurreikusita-dagoela-eta.htm

16:43
2019-08-24
16:36
2019-08-24

Bilbon, ibaia berdez tindatuta

Bilbon berdez tindatuta agertu da gaur ibaia. G7koen goi bileraren aurkako protesta ere egin dute, udaletxe aurrean. "Kontuz, toxikoak Euskal Herrian, toxikoak Bilbon", ohartarazi dute elkarretaratzeko deialdian. AHTa, pobrezia, Supersur, heteropatriarkatua, miltarizazioa, gentrifikazioa...". G7koek "inposatu" nahi duten ereduaren eta proiektuen aurka egin dute protesta.

15:48
2019-08-24

Hiru gazte alemaniar, zigortuak

Asteazkenean Miarritzeko ordainlekuan atxilotu zituzten hiru gazte alemaniar, 18 eta 22 urte artekoak. Ostiral arratsaldean epaitu zituzten, Baionan, eta zigortu egin dituzte. Hiru eta bi hilabeteko kartzela zigorrak ezarri dizkiete, eta bost urtean Frantzian sartzea debekatu diete. Ziape gasa eta kalteak eragiteko tresnak eramatea leporatu diete, eta indarkeriazko ekintzak prestatzen aritzea: https://www.berria.eus/albisteak/170269/g7koen-aurkako-hamazazpi-ekintzaile-atxilotu-dituzte-poliziek.htm

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

13:01
2019-08-24
12:26
2019-08-24

Polizia talde bat hurbildu da manifestazio ingurura momentu batean, alboko kale batetik. Antolatzaileek G7aren kontrako pankarta atera dute manifestazioa babesteko, eta poliziak joatean, babes kordoia kendu dute

12:20
2019-08-24

Bordeleko aireportura iritsi da Donald Trumpen Air Force One hegazkina.

12:12
2019-08-24

Lizuniagako gaina eta Dantxarineako pasabidean nahiko lasai dira, itxura batean. Polizia kontrolik ez, pare bat foruzain kenduta

12:06
2019-08-24

'G7 hiltzailea' eta 'inor ez da ilegala' oihuak manifestazioan. Kolore anitzeko martxa alaia egiten ari dira egiten Hendaian

10:53
2019-08-24

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: