G7koen goi bilera Miarritzen

Gutxienez 19 lagun atzeman dituzte Baionan, protesta baten ondoren

Gutxienez 19 lagun atxilotu dituzte igandean. "Ostadarra" osatzekoak ziren G7 Ez eta Alternatives G7 plataformetako partaideak Angelu, Miarritze eta Baionako zazpi gunetan, baina bertan behera utzi dute deialdia, "baldintzarik" ez dagoelako. Bizi-k iragarri du mobilizazio astea eginen dutela irailaren 20tik 27ra.

Baionako Herriko Etxea, gaur arratsaldean.
Baionako Herriko Etxea, gaur arratsaldean. @BordeauxDeborde

Hodei Iruretagoiena -

2019ko abuztuak 26

Baionako erdigunea ixteko agindua eman zuen igandean ere Herriko Etxeak. Larunbatean, Polizia manifestariei oldartu zitzaien, eta istiluak eragin zituen. Frantziako Poliziak jakinarazi du denera 85 lagun atxilotu dituztela asteburuko protestetan, eta, atxilotu haien askatasuna eskatzeko, elkarretaratzera deitu zuten iganderako: 17:00etan, Baionako herriko etxearen aurrean. Ondorengo mezua zabaldu du Herriko Etxeak: "Manifestazio bat aurreikusita dagoela eta, baliteke segurtasun indarrek hiriaren erdigunera ematen duten zubiak ixtea. Autobusak Lessep kaitik bideratuko dira". Ondoren zehaztu dutenez, itxi egin dituzte Errobi gaineko zubiak eta Santa Ezpiritukoa. Manifestazioaren orduan, herriko etxearen inguru guztiak hartuak zituen Poliziak. Gutxienez 19 lagun atxilotu dituzte ondoren, merkatu inguruan, "erasorako erabil zitezkeen gailuak" zituztelakoan eta segurtasun indarrei "aurre egitea" egotzita. Goi bilera hasi zutenetik 104 dira dagoeneko atxilotutakoak.

17:00etarako, Frantziako Poliziak hartua zuen herriko etxearen aurrealdea, baina inguruko kaleetan bildu dira manifestariak. "Atxilotuak askatu" eta oihuak egin dituzte.


Baiona, gaur. BERRIA


Baiona, gaur. BERRIA

Euskal Herriko beste leku batzuetan ere antolatu dituzte protestak atxilotuen alde: Donostiako Bulebarrean, asteazkenerako, eta Irungo Mosku plazan, biharko, esaterako. Goizean, Hendaian manifestazioa egin dute ehunka lagunek.

Gaurko, ostadarra egiteko deia zabaldu zuten G7 Ez eta Alternatives G7 plataformek, baina bertan behera utzi dute azkenean. "Lekuz kanpoko polizia operazioa dela eta, plataformek baloratu dugu ezin dugula bernatu ekinaldian parte hartuko duen jendearen segurtasunerako gutxieneko baldintzarik". Arrazoi hori dela eta, G7 Ez plataformak bart jakinarazi du moldatu egingo zuela gaur zazpi plazetan egitekoa zuten mobilizaziorako deialdia. "Herri harresi gisako mobilizazio bat egingo dugu Euskal Herriak bizi duen setio egoera eta manifestatzeko eskubide urraketa salatzeko asmoz", adierazi zuten. Gaur Frantziako Attac-ek eta G7 Ez plataformak jakinarazi dute bertan behera utzi dutela deialdia.

Atzoko oharrean, G7 Ez plataformakoek azaldu zuten "ekintza kontsentsuaren baitan” hartu dutela erabakia. Miarritzen bilduak diren agintariei adierazi zieten mobilizatzen segituko dutela, "gure ideia, alternatiba eta borroken bidez". Berri agentziek zabaldu zutenez, Angeluko (Lapurdi) Amodio gelan ekitaldi bat egitekoa zuten.

Bizi mugimendu altermundialistak, berriz, gaur 10:00etatik aitzina Baiona Txikira joateko deia zabaldu du. Bertan, Emmanuel Macron Frantziako presidenteari urtean zehar ebatsi dizkioten argazkiak erakutsi dituzte. Baiona Txikian hasi dira paperez estalitako koadroak ateratzen. Agosti Xaho plazan bildu dira, eta, Pannecau karrika igarota, elizaren aurrean egin dute prentsaurrekoa. Ekintzaile ekologista ugari ziren. "Frantziar Estatuko segurtasun eremu handienean Macronen argazkiak ateratzea lortu dugu". Macronen politikak salatu dituzte ekintzaileek, eta, hitzetan klima trantsizioaren alde mintzo bada ere, ekintzetan kontrako politika duela salatu dute. Irailaren 20tik 27ra mobilizazio astea eginen dutela iragarri dute.

Atzo, 15.000 lagun bildu ziren Hendaia eta Irun artean egindako manifestazioan. Arratsaldean, istiluak izan ziren Baionan, Polizia manifestariei oldartu ondoren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna