G7koen goi bilera Miarritzen

Macron: "Trumpen eta Rohaniren arteko bilera bat nahi dut"

Frantziako presidentearen iritziz, AEBak eta Iran akordio batera heltzeko gai izango dira itun nuklearraren inguruan: "Hori lortzeko lan egingo dugu datozen asteotan". AEBetako presidenteak dio prest dagoela Irangoarekin batzartzeko, baldintzak "egokiak" badira. G7koek adostu dute nazioarteko zerga sistema "modernizatzea", eta Amazoniako suteei aurre egiteko 18 milioi euro bideratzea.

Trump eta Macron, Miarritzen, gaur eman duten prentsaurrekoan. EFE
ander perez zala
2019ko abuztuaren 26a
07:10
Entzun

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentearen jarrera erabat aldatu da aurtengo G7an, iazkoarekin konparatuz gero. Aurten bai, aurten tentsioa baretzeko baliatu du G7koek Miarritzen (Lapurdi) egin duten gailurra. Iazko Kanadako hitzorduan, AEBetako presidenteak haserre bukatu zuen hango lehen ministro Justin Trudeaurekin, eta gailurraren amaierako komunikatu bateratua boikotatu zuen. Ez zen haren sinadurarik agertu testuan. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak gertakari horretaz asko ikasi du, eta aurtengo goi bileran ez du komunikatu bateraturik nahi izan. Horren ordez, orrialde bakarreko adierazpena osatu dute, lerro gutxikoa; ordea, hitzordua espero baino positiboagoa izan da, gailurra ziurgabetasuna eta zatiketa protagonista zituela hasi baitzen.

Macronek bere eremura eraman du aurtengo goi bilera, agenda kontrolatuta, eta Irango akordio nuklearraren auziari oihartzun handia emanda. Frantziari egokitu zaio gailurra antolatzea, eta Macronentzat ezinbestekoa zen hitzorduak porrotik ez izatea, gutxienez gai batzuen inguruan adostasunetara heltzea. Finean, hori lortzeko, Frantziako presidenteak beharrezko diplomazia lana egin du egunotan, Trumpen eragina ahalik eta gehiena txikitzeko.

Testuinguru horretan, aurtengo G7an AEBetako presidentearen jarrera askoz ere lasaiagoa izan da, mezu positiboak besterik ez ditu izan prentsaren aurrean gainontzeko agintariei buruz aritzean, eta batasuna gailendu dela ziurtatu du. Errealitate hori agerian utzi du Macronekin egin duen prentsaurrekoan ere bai: batak besteari hitz onak eskaini dizkio, bitan eman diote eskua elkarri eta amaieran besarkatu egin dira. Sintonia erakutsi dute bi agintariek G7ko gailurraren amaierako prentsaurrekoan.

Irango akordio nuklearra izan dute hizketagai bi presidenteek, beste hainbat gairen artean. Gaurko lehen albistea une horretan jakinarazi dute: Macronek mahai gainean jarri du Trump eta Hassan Rohani Irango presidentea lehenengoz batzartzeko aukera. "Trumpen eta Rohaniren arteko bilera bat nahi dut. Hori lortzeko lan egingo dugu datozen asteotan". AEBetako presidenteak ez du baztertu aukera hori, baina zehaztu du bilkura onartuko duela "baldintzak egokiak" badira: "Bilera hori egiteko aukerak egiazkoak dira".

Frantziako presidentea ziur agertu da hitzordu horri begira, eta defendatu du Trump eta Rohani gai izango direla akordio batera heltzeko. Frantzia da Teheranek duen solaskidea itunaren Europako sinatzaileen artean, eta horren erakusle izan zen atzo Macronek Mohamed Javad Zarif Irango Atzerri ministroa Lapurdiko hirira gonbidatu izana. Mugimendu diplomatiko horrekin, ezustekoa eman zuen Frantziako presidenteak, eta erakutsi nahi izan zuen bi potentzien arteko oreka izan daitekeela.

G7ko zazpi agintariek akordio nuklearraren egoerari eutsi zioten larunbat gaueko afari informalean eta igande goizean egin zuten lehen bilera formalean. AEBek iazko maiatzean jakinarazi zutenetik itun horretatik aterako zirela, Iranek hainbat konpromiso eskatu dizkie Europako sinatzaileei, hori egin ezean hura ere testutik aterako dela mehatxatuta.

Pixkanaka, mehatxua betetzen ari da Teheran, eta akordioan adosturikoa urratzen ari da: uztail hasieran, esaterako, uranio biltegiratze muga eta uranio aberaste muga gainditu zituen. Ekintza sinbolikoak diren arren, bide baten lehen pausoak dira; hala ere, Teheranek adierazia du prozesua "itzulgarria" dela, Europako sinatzaileek "haien hitza betetzen badute".

Hortaz, G7ko agintariek Macroni eskatu diote Iranekin itun nuklearraz hitz egiteko, eta "mezu bat helarazteko"; zeregin hori jasota, Frantziako presidenteak nazioartean duen pisua sendotuta ikusi du.

Macronek badu egitekoa, eta elkarrizketen helburua izango da Iranek "arma nuklearrik ez garatzea"; hau da, "elkarrizketa bide bat sortzea" eta "gatazka armatu bat eragoztea". Zarifi egindako gonbidapena, beraz, zeregin horren lehen pausoa izan da.

AEB-Txina gerra komertziala

AEBek eta Txinak tentsioa baretzea erabaki dute egunotan, gerra komertzialaren auzian. Tentsioak gora egin du azken hilabeteotan, eta AEBetako presidentea Txinari ezarritako muga zergak igota iritsi zen gailurraren lehen egunera, herenegun. Trumpek gaur goizean adierazi du Txinako agintarien dei bat jaso duela, eta negoziazio mahaira itzultzeko eskaria egin diotela: "Laster hasiko dira berriz merkataritzari buruzko hizketak. Positiboa da denontzat hori egitea".

Hori eginda, AEBetako presidenteak uste du Xi Jinping Txinako presidenteak frogatu duela "lider handi bat" dela. Ohartarazpena ere egin du: "Orain [Txinarekin] egiten ari naizena aspaldi egin behar izan zuten AEBetako presidenteek, duela 25 urteko kontua izan behar luke". Gerora, Macronekin izan duen prentsaurrekoan gehitu du Txinak akordio bat "behar" duela: "Ez dut mehatxu gisa esaten. Uste dut akordio bat nahi dutela".

Frantziako presidenteak kezka agertu du gai horren inguruan, baina bultzada bat eta babesa helarazi dio AEBetakoari: "Txinaren eta AEBen arteko hizketek ziurgabetasuna eragin dute, eta, normala denez, tentsio handia sortu dute. Denontzako orekatua den itun bat nahi dut. Txinak nazioarteko merkataritza errespetatu behar du".

Merkataritzaren inguruan, Macronek bazuen beste kezka bat, eta hori ere baretzea lortu du. Agintariak jakinarazi du G7koek datorren urterako helburutzat jarri dutela nazioarteko zerga sistema "modernizatzea", argudiatuta nazioarteko arauak "erreformatzeko eta demokratizatzeko" beharra dagoela.

Badirudi aldaketa horiek baliagarriak izan daitezkeela AEBentzat: nazioarteko zerga sistema erreformatzea lortzen badute, Macronek adierazi du Gafa tasa kenduko duela, eta hori ordaindu duten AEBetako enpresek murrizketak izango dituztela nazioarteko zerga sistema berrian.

Tasa horrek konpainia teknologikoen irabazien %3 zergapetuko ditu, gutxienez 750 milioi euroko negozio bolumena badute, eta horietatik 25 milioik gutxienez Frantziari eragiten badiote. AEBetako presidenteak mehatxu egin zion Parisi, horren aurrean muga zergak ezarriko zizkiola haren ardoari, baina, erreforma hori egiteko promesarekin, Frantziako presidenteak gerra komertzial bat eragoztea lortu du.

Gerra komertziala izan da egunotako G7aren eztabaidagaietako bat. Macronek berak jarri zuen mahai gainean auzi hori, goi bilera hasi aurretik: "Agintariei ohartaraziko diet tentsio komertzialak txarrak direla denontzat, eta egoera egonkortzeko beharra dagoela". AEBetako presidenteak, ordea, ziurtatu zuen gainontzeko agintariek ez diotela ezer esan auzi horri buruz: "Inork ez dit ezer esan [gerra komertziala] amaitzeari buruz. Auziak ez du tentsiorik sortzen".

Amazoniako suteak

Frantziako presidentearentzat, Amazoniako suteen auzia berebiziko bilakatu da egunotan, eta G7koek Miarritzen izan duten gailurra baliatu nahi izan du gai horri eusteko. Esan eta egin. Sebastian Piñera Txileko presidentea alboan zuela jakinarazi duenez, G7koek "iniziatiba bat" adostu dute oihanaren egoerari begira: besteak beste, 18 milioi euroko diru laguntza emango diete Amazoniako herrialdeei.

Kopuru hori egunotan negoziatu duten plan baten lehen partea izango da. "Proiektu zehatz bat da, garapen iraunkorra bermatzeko; Amazoniako herrialdeekin adostua izango da, euren subiranotasuna errespetatuz. Basoberritzea izango da helburua", azaldu du Macronek. Lehen pauso horretan, diru laguntzaz gain, "berehala" bidaliko dituzte hegazkinak eta brigadak suteei aurre egiteko; Frantziak, gainera, "laguntza militarra" eskainiko du.

Bigarren pausoa, bi agintarien arabera, datorren hilabetean adostuko dute Amazoniako herrialdeekin, New Yorken egitekoa den Nazio Batuen Erakundearen urteroko Biltzar Nagusian. "Lankidetza sustatzea izango dugu helburu. Suteak ez dira soilik Amazoniako herrialdeen ardura, munduko osoko estatuena ere badira", ziurtatu du Piñerak.

Iraileko hitzorduan, G7koek helburutzat jarri dute adostasun bat lortzea "oihanak eta biodibertsitatea babesteko", eta "basogabetzeen aurka borrokatzeko". Macronek gehitu duenez, Amazoniarentzat "berebizikoak" diren gaiak landuko dituzte.

Trump ez da izan agintariek gaur goizean klimaz eta biodibertsitateaz izan duten bileran; horren ordez, beste goi agintariekin batzartu da. Horretaz galdetuta, Macronek adierazi du badakitela zer jarrera duen AEBetako presidenteak klimari eta biodibertsitateari buruz, eta ez zela haren asmoa haren iritzia aldatzea; halere, Trumpen lantalde bat izan da bilkuran.

Bederatzi dira Amazoniako herrialdeak: Brasil, Peru, Venezuela, Kolonbia, Bolivia, Ekuador, Surinam, Guyana eta Frantzia (Guyana Frantsesa koloniagatik). Dagoeneko, suteek 1,2 milioi kilometroko eremua hartu dute, Frantziako presidenteak jakinarazi duenez: "Drama da herrialde horientzat eta mundu osoarentzat".

Europako Batasunak ere aztertuko du laguntzarik bidali ala ez Amazoniako suteei aurre egiteko. "Noski, Europako Batasuna prest dago laguntza eskari hori aztertzeko, eta eskaini dezakeena eskaintzeko", adierazi du Mina Andreeva Europako Batzordearen bozeramaileak.

Frantziako presidenteak Afrikako basoen suteei ere eutsi die gaurko prentsaurrekoan. Angolako eta Kongoko oihanak Amazoniaren antzeko egoeran dira gaur egun, eta, Macronek azaldu duenez, G7ko gailurrean izan diren Afrikako agintariekin auzi horretaz hitz egiteko aukera izan du.

Oraingoz, Frantziako presidentearen arabera, Amazoniarako prestatu dutenaren "antzeko iniziatiba bat" egin ala ez aztertzen ari dira.

'Brexit'-aren egoera

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroarentzat, Miarritzeko gailurra mahai gainean kolpe bat emateko aukera bat zen. Asmo horrekin iritsi zen Lapurdiko hirira, bere jarrera inposatzeko asmoz, baina azkenean errealitatea gainditu zaio: ez du ezer berririk lortu Europako Batasunaren (EB) partetik. Egoerak bere horretan jarraitzen du bi aldeentzat.

Ia bederatzi aste falta dira brexit-a gauzatzeko, eta Johnsonek akordiorik gabeko irteerarantz eraman nahi du herrialdea, EBk ez baititu haren eskariak onartzen. Testuinguru horretan, Erresuma Batuko Komunen Ganberako diputatuek lege proiektu bat bozkatzeko aukera erabil lezakete, lehen ministroa behartzeko irteera dataren hirugarren atzerapena eskatzera; Johnsonek azalpen gutxi eman ditu kasu horretan egingo duenaren inguruan, eta gaurko prentsaurrekoan ere gauza bera esatera mugatu du bere burua: herritarrek brexit-a gauzatzea nahi dutela, eta parlamentuari dagokiola hori egitea. "Hau guztia bukatzea nahi dute".

Are, Erresuma Batuko lehen ministroaren iritziz, orain garaia da irteeraren osteko Erresuma Batuaz pentsatzen hasteko: "Gauzak beste modu batera egiteko, gauzak hobeto egiteko, inbertsioak sustatzeko, merkataritza akordio askeak negoziatzeko".

Johnsonen lehentasuna, publikoki adierazi duenez, akordio batekin ateratzea da. Uste du EBk azken unean aldatuko duela iritzia, orain arte "azken momentuan adosten" baititu itunak: "Zaila izango da. Negoziatzaile gogorrak dira, baina nire lana da gure jarrera defendatzea, eta gure jarrera da backstop-a [Irlandako mugarako protokoloa] antidemokratikoa dela".

Sky News kateari emandako elkarrizketan, Johnsonek atzo errepikatu zuen Bruselak eta Londresek adosturiko irteera ituna "hilda" dagoela, baina beste akordio bat adosteko aukerak "handitu" direla; iragan astean kontrakoa adierazi zuen, ez zegoela ia aukerarik akordio berri bat sinatzeko.

Johnson-Trump bilera

Irango Atzerri ministroaren bisitaren aurretik, Erresuma Batuko lehen ministroa arretagune garrantzitsuena izan zen atzo. Izan ere, igande goizean aspaldian espero zen argazki bat egin izan ahal zuten argazkilariek: Johnsonena eta Trumpen arteko lehen bilerarena.

Bi agintariek Miarritzeko Hotel du Palaisen izan zuten bilkura, G7aren aitzakia baliatuta, eta, hainbat gairen artean, brexit-a izan zuten hizpide. Eztabaidagai nagusia, noski, azken hilabeteotan hainbatetan errepikatu dutena: bi herrialdeek etorkizunean izango duten merkataritza harreman berria. " [Johnsonek] Ez du aholkurik behar. Brexit-a gauzatzeko gizon egokia da", adierazi zien Trumpek kazetariei, bi agintarien arteko bilera hasi aurretik.

Erresuma Batua EBtik ateratzen denean, bi herrialdeek merkataritza harreman berria zehaztu beharko dute, eta AEBetako presidentea nahiko baikor agertu zen negoziazio horiei begira; are, harreman berria "azkar" adostuko dutela uste du: "Nahiko azkar. Ez dut uste arazorik izango dugunik. Inoizko itunik handiena izango dugu". EBko merkaturako sarrera zailduta, AEBetakora begira jarri nahiko du Johnsonek, herrialdearen irteera gauzatu eta berehala.

Trumpekin izandakoak baino txikiagoa izan zuen Erresuma Batuak izan zuen beste bilerak. Johnson Donald Tusk Europar Kontseiluko presidentearekin elkartu zen, Erresuma Batuaren irteeraz hitz egiteko, baina bilkurak ez zuen askotariko balio izan, bi agintariek euren jarrerak defendatu besterik ez baitzuten egin. Erresuma Batuko lehen ministroak Tuski ohartarazi zion herrialdea EBtik aterako dela urriaren 31n, "testuingurua edozein dela ere".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.