Italia

Mattarellak Conteri eskatu dio gobernua osatzen saiatzeko

Alderdi Demokrataren babesarekin hartuko du berriro lehen ministro kargua. Italiak "solidarioagoa eta barneratzaileagoa" izan behar duela azpimarratu du.

Giuseppe Conte, Sergio Mattarerllarekin bildu ostean egin duen agerraldian. ALESSANDRO DI MEO, EFE
2019ko abuztuaren 29a
13:45
Entzun

Atzo M5S eta Alderdi Demokratak akordioa erdietsi ostean, Sergio Matarella Italiako Errepublikako presidenteak Giuseppe Conteri eskatu dio gobernua osatzen ahalegintzeko. Abuztuaren 20an dimititu zuen Contek berak, Matteo Salvini Legako buruak M5S alderdiarekin zuten koalizioa hautsi ondoren; bere bazkide ohiaren aurkako zentsura mozioa aurkeztu zuen. Mugimendu horrekin, berriro bozetara deitzera behartu nahi zuen Salvinik, lehen ministro izateko esperantzarekin, baina mugimendua gaizki atera zaio. Itxura guztien arabera, ez da hauteskunderik izango, eta Contek jarraituko du lehen ministro karguan. Orain, Alderdi Demokrataren (PD) babesarekin.

Mattarella eta Conte gaur goizean bildu dira, eta bilera horretan egin dio mandatua. Ondorengo agerraldian, Contek zuhur jokatu nahi izan du, eta esan du bilera sorta bat hasiko duela orain Parlamentuko alderdiekin, programa bat osatzeko "proiektu politiko berri baten alde" egin dutenekin. Aitortu du dimisioa eman ondoren zalantzak izan dituela orain karguan jarraitu edo ez, baina gainditu dituela eta italiarren mesedetan, "orain arte bezala", lanean jarraitzeko prest dagoela. Gaineratu du M5Sren eta PDren arteko koalizioa ez dela izango inoren aurkako gobernu bat, baizik eta "herritarren aldeko bat".

M5Sk eta PDk atzo sinatu zuten akordioa. Oztopo nagusia, orain arte, Contek berak lehen ministro karguan jarraitzea zen, baina, azkenean, PDk amore eman du, eta Mattarellaren eskaerak ez du oztoporik izango aurrera egiteko. Ikusteko dago ea Luigi di Maio orain arteko presidenteordeak kargu horretan jarraituko duen, ez baitirudi PD hori onartzeko prest.

"Herrialdearentzat zaila den egoera batean gaude", azpimarratu du Contek gaur. Gobernu krisia gainditu eta, lehenbailehen, aurrekontu bat osatu nahi du "Italia Europako Batasunean dagokion tokira itzultzeko". Adierazi du Italiak "lehiakorragoa, justuagoa, solidarioagoa eta barneratzaileagoa" izan behar duela, eta ausardia eskatu du. "Ausardia herrialde hobe bat diseinatzeko eta egon litezkeen oztopoen gainetik helburu hori lortzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.