OSAKIDETZA

Dimisioa eman du Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariordeak

Xabier Balerdiren izena aipatu zuen fiskalak oposizioetako iruzurrari buruzko ikerketan. Tolosako Udalean zinegotzi hautatu dute Balerdi, eta han izango du postua orain —argazkian, ezkerrekoa—.

Xabier Balerdi, ezkerrean, Juan Carlos Soto Giza Baliabideetako zuzendariarekin. Biek eman dute dimisioa. IREKIA
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko irailaren 2a
08:42
Entzun

Beste aldaketa bat Osakidetzako zuzendaritzan: kargua utzi du Xabier Balerdik, Giza Baliabideetako zuzendariordeak. EAEko aldizkari ofizialean eman dute gaur dimisioaren berri. Kargu uzte horrekin, jada lau dimisio izan dira osasun zerbitzuan, mediku espezialisten oposizioetako iruzurra salatu zutenetik: Jon Darpon Osasun sailburua, Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendaria, Juan Carlos Soto Giza Baliabideetako zuzendaria, eta Balerdi bera.

Balerdi Tolosako Udaleko zinegotzia da ekainaz geroztik, EAJtik, eta udal gobernuan ardurak ditu —Euskara zinegotzia da—. Lanaldi osoa izango du zinegotzi gisa.

Osakidetzako iruzur salaketari buruzko ikerketa zabalik dago Gasteizko epaitegi batean. Oraingoz hiru mediku jarri dituzte ikerketapean, hiru epaimahaitan parte hartu zuten sendagileak. Osakidetzako arduradunik ez dute oraingoz inputatu. Fiskalak hiru izen aipatu zituen —Soto eta Balerdi, eta Andoni Arzelai Osasun Arretako zuzendaria—, baina epailearen esku utzi zuen ikerketapean jarri edo ez. Oraingoz ez du erabakirik hartu, eta ez dio deklaraziorik hartu Balerdiri.

Fiskalak 11 espezialitatetan sumatu zituen iruzur zantzu horiek, baina akusazio zehatza hiru espezialitatetan egin zuen, besteetan ez zuelako modurik zehazki inor akusatzeko. Epaileak hiru mediku jarri ditu ikerketapean: Anestesiako, Angiologiako eta Digestio Aparatuko epaimahaietako kide bana. Bi delitu aipatu zituen akusazioko autoan: agirien zaintzan desleialtasunez jokatzea —dokumentu konfidentzialak ondo ez gordetzea—, eta sekretuak aurkitzea eta agertzea —azterketa egin zuten batzuei edukiak filtratzea—.

Iruzurraren ardura osoa epaimahaietako kide horien gain utzi du Osakidetzak hilabeteotan, nahiz eta testigantza ugarik dioten Osakidetzan urteetan egin dutela iruzur hori. Udazkenean beste lan eskaintza bat egingo du Osakidetzak, eta jakinarazi du aintzat hartu dituela Arartekoak egindako proposamen batzuk; besteak beste, epaimahaiak zozketa bidez hautatzea. Beste neurri esanguratsu bat ere hartu du: azterketaren edukia kanpoko profesionalek prestatuko dute —proba teorikoa ez ezik, praktikoa ere bai—. Gainera, azken uneko zozketa batean zehaztuko dute zer ariketa sartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.