Ingurumena

Erraustegiko zepak eraikuntzan segurtasunez erabili nahi ditu Jaurlaritzak

Dekretu proiektu bat jarri dute martxan, araubide juridiko bat ezarri eta hondakinak erraustu ondorengo soberakinak "balorizatzeko" jarduerei aplikatu ahal izateko.

Zabalgarbiko langile bat, labeetako bati begira. LUIS JAUREGIALTZO
inaki petxarroman
2019ko irailaren 3a
13:11
Entzun

Hiri hondakinak erraustegietako labeetan erre ondoren sortzen diren zepak zabortegira eramaten dituzte gaur-gaurkoz Euskal Herrian. Aurrerantzean, baina, beste zeregin batzuetan baliatu nahi ditu haiek Jaurlaritzak, eta horretarako araubide juridikoa ezarri nahi du. Orain, dekretu proiektu bat jarri du herritarren kontsultagai, prozesu hori bideratzeko.

Urtean 43.000 tona zepa sortzen dira gaur egun Zabalgarbin, eta, laster Zubietan martxan jarriko den instalazioarenak kontuan hartuz gero, Jaurlaritzak uste du berehala 95.000 tona ekoitz daitezkeela. Europa 2020 estrategiari jarraikiz, hondakin horiei beste erabilera bat emateko asmoa dute EAEko erakundeek, “ekonomia zirkularrari” kasu eginez. "Europako Batasunaren helburu estrategikoekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2020ko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko Planarekin bat, zepa horiek, kasu batzuetan zenbait lehengairen oso antzeko ezaugarriak dituztenak, balorizatzea sustatu egin behar da; horrela, EAEko hondakinen kudeaketako arazo garrantzitsu bati irtenbidea emateko", azaldu du.

Horretarako, hiru bide planteatzen ditu: Batetik, "zepa balorizatuak" eraikuntzan segurtasunez erabiltzeko ingurumen baldintzak ezartzea; bestetik, hondakinetatik "eratorritako bigarren mailako materialak ekoizpen zikloetan" sartzea sustatzea; eta, azkenik, "balorizazio prozesuaren" gutxieneko eragiketak zehaztea, “kalitatezko materiala” lortzeko.

Jaurlaritzaren dekretu proiektuaren xedea zepa mota hori "balorizatzeko" jarduerak eta ondorengo erabilera arautzea da, "giza osasuna eta ekosistemak" babesteko. Dekretuaz gain, gida teknikoa ere landuko da, dekretuaren ingurumen interpretazio teknikoa errazteko.

Hondakinak erraustegian erre ondoren bi hondakin mota geratzen dira: gehienak zepak dira, eta material ez-arriskutsu gisa sailkatuta daude; baina, horrez gain, errautsak ere sortzen dira, eta horiek material arriskutsuak dira. Errautsak gero horretarako propio egokitutako biltegietara eramaten dituzte.

Giza katea, igandean

Bestalde, Gipuzkoako Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak giza kate bat egiteko deia egin du, heldu den igandean, 11:30ean Donostiako Kontxako hondartzan. Aurten, taldeak nabarmendu nahi du Zubietako erraustegiak klima aldaketan izango dituen ondorioak: "Erraustegian erretako zabor kilo bakoitzeko kilo bat CO2 sortuko da, eta isuriko dituen nitrogeno oxidoak 150.000 diesel autok 10.000 km eginez aireratutakoen parekoa izango da". Gogoratu dute erraustegia Gipuzkoako "enpresarik kutsatzaileenetako bat" izango dela, eta herritarrei erraustegia "ez onartzeko" eskatu diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.