Hong Kong

Hong Kongek estradizioen lege proiektua baztertuko du

Lam gobernuburuak adierazi du "zuzeneko elkarrizketa" sustatuko duela herritarrekin.

Carrie Lam Hong Kongeko gobernuburuak legea erretiratzea erabaki du. EFE
ander perez zala
2019ko irailaren 4a
09:16
Entzun

Eman du pausoa Carrie Lam Hong Kongeko gobernuburuak: protesten hamahirugarren astean, Txinarako estradizioen lege proiektua baztertuko duela jakinarazi du. Iragan ekainean, Lamek behin-behinean eten zuen lege hori, eta gerora adierazi zuen "hilda" zegoela; ordea, protestariek kalean jarraitu dute hilabeteotan, horren baztertzea lortu arte.

Parlamentuak lege proiektu hori onartu izan balu, Hong Kongek aukera izango zuen edozein iheslari Txinara estraditatzeko. Hori gertatuko balitz, protestariek uste dute handitu egingo zela Txinarekiko menpekotasuna, eta horregatik atera dira kalera asteotan.

Lege proiektua baztertzeko eskatu ez ezik, beste lau eskari ere egin dizkiote manifestariek Hong Kongeko gobernuburuari: atxilotuak askatzeko —44ri "matxinada" egotzi diete—; Poliziaren indarkeria ikertzeko "talde independente bat" sortzeko; manifestazioei "istilu" ez deitzeko; eta herritarrek euren ordezkariak "era demokratikoan" hautatzeko aukera izateko. Ordea, Lamek soilik lege proiektua baztertzeko eskaria bete du.

Gainerakoak bete ordez, Lamek jakinarazi du "zuzeneko elkarrizketa" sustatuko duela, eta bere lantaldeko ordezkari batzuekin batean aurrez aurre elkarrizketatuko dela herritarrekin, haien "kezkak ezagutzeko".

Greba orokor masiboa egin zuten iragan hilabetean Hong Kongen, eta eskualdeko gobernuari "erreforma demokratikoak" egiteko eskatzen zioten milaka herritarrek hiria blokeatu zuten. Txinaren erantzuna berehala iritsi zen: Hong Kongeko eta Macaoko Auzien Bulegoko bozeramaile Yang Guangek ohartarazi zien ez dezatela "gutxietsi gobernu zentralaren indarra".

Iragan hilabetean ere, 5.000 bat manifestarik Hong Kongeko aireportua hartu zuten, eta, horren ondorioz, agintariek bertan behera utzi zituzten aireportutik aireratzekoak ziren 130 hegaldi eta aireportuan lurreratzekoak ziren sei hegaldi; Txinako Gobernuak erantzun zuen "terrorismo zantzuak" ikusten ari dela protestetan.

Azken asteotan istilu handiak izan dira Poliziaren eta manifestarien artean, eta denera 80 bat lagun atxilotu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.