EUSKALTEGIAK

"Aukera galdurik? Ez horixe! Ikasi euskara" kanpaina aurkeztu dute

Nafarroako Gobernuak, toki erakundeek eta euskaltegiek prestatu dute egitasmoa, elkarlanean

Euskarabideko, toki erakundeetako eta euskaltegietako ordezkariak, gaur, kanpainaren aurkezpenean. NAFARROAKO GOBERNUA
2019ko irailaren 5a
09:35
Entzun

Zabalik dago jada Nafarroan helduen euskaltegietan izena emateko epea. Izaera publikoko, pribatuko eta herri ekimeneko 30 bat eskolatan jaso ahal izango dira euskara ikastaroak; eta, iaz zabaldutako bideari jarraikiz, diru laguntzak emanen ditu Nafarroako Gobernuak, matrikulak ordaintzeko. Izen-ematea sustatzeko kanpaina ere abian jarri dute: "Aukera galdurik? Ez horixe! Ikasi euskara". Nafarroako Gobernuak —Euskarabidea institutuaren bitartez—, Zubiarte euskaltegi publikoak, hizkuntz eskola ofizialak, tokiko erakundeek eta AEK nahiz IKA gizarte ekimeneko euskaltegiek elkarlanean sortutako egitasmoa da.

Kanpaina aurkezteko agerraldia egin dute Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak, Sabina García Izarbeibarko Mankomunitateko presidenteak eta AEK nahiz IKA euskaltegien izenean aritu den Xabi Gartziak. Irail osoan indarrean egonen da kanpaina, sare sozialetan, prentsa idatzian, irrati kateetan eta tokiko aldizkarietan jarritako iragarkien bidez.

Euskarabideko zuzendariak adierazi duenez, “Nafarroako herritarrek euskara ezagutzeko eskubidea dute, eta hor jartzen dugu Euskarabidearen konpromisoa, eskubide hori nafar guztiei bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuz”. Arregik nabarmendu du, batetik, "eskaintza publikoa handitu" duela Euskarabideak, "eta gizarte ekimeneko euskaltegiek egiten duten lan bikainari laguntza eman" diotela. Bestetik, iaz ezarritako diru laguntza ekonomikoak ere nabarmendu ditu. Iaz bezala, 150.000 euro jarriko ditu Euskarabideak, helduek izena eman dezaten "ikastaro estentsibo eta intentsiboetan, barnetegietan eta autoikasketa ikastaroetan". Iaz, 6.000 bat pertsonak izena eman zuten Nafarroako euskaltegietan, eta, horietatik, 600ek eskatu zuten diru laguntza.

Eragileak, elkarlanarekin pozik

Sabina Garciak goraipatu egin du euskararen sustapenean tokiko entitateek jokatzen duten rola: “Sarean eta modu koordinatuan lan egiten dugu, geroz eta asmo handiagoko proiektuetan, herritarren eskari eta beharrei erantzuteko”. Alde horretatik, gogoratu du duela hogei urte hasi zirela herritarrak animatzeko kanpaina informatiboak egiten.

AEKko ordezkaria den Xabi Gartziak azaldu du gizarte ekimeneko euskaltegiek ilusioz ekin diotela ikasturte berriari: “Pozgarria da Nafarroako Gobernuarekin batera lankidetzan jarraitzea, Euskarabidearen bidez”.

Laguntzak eskatzeko epea urriaren 1etik 31ra bitartean egonen da zabalik. Informazio gehiago, webgune honetan eta 012 telefonoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.