Mondragon taldea

Alfonso Gorroñogoitia hil da, Arrasateko kooperatiba mugimenduaren sortzaileetakoa

Ulgorren, Euskadiko Kutxaren, Fagor Taldearen, MCCren eta Euskadiko Kooperatiben Federazioaren presidente izan zen, besteak beste. Atzo hil zen Arrasateko etxean, eta astelehenean izango da hileta elizkizuna.    

Gorroñogoitia —aulkian—, iazko maiatzean ALE elkarteak egindako omenaldian. Goian, Miguel Angel Laspiur, Markel Olano, Jose Maria Ormaetxea eta Maria Ubarretxena. GOIENA.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko irailaren 7a
06:54
Entzun

Alfonso Gorroñogoitia (1924; Arrasate, Gipuzkoa) zendu zen atzo, 94 urterekin, Arrasateko kooperatiba mugimenduaren eta Mondragon Taldearen fundatzaileen artean bizirik geratzen zen azkena. Jose Maria Arizmendiarrietaren eskutik sortu zuen kooperatiben mugimendua, Accion Catolicako beste lau kiderekin batera, eta zeregin garrantzitsua izan zuen lehen kooperatiben estatutuak eta arauak zehazten. Haren ibilbidea da horren lekuko.

Arrasateko Lanbide Eskolan ikasketak egin, eta Zaragozako Peritu Eskolan eskuratu zuen titulua Gorroñogoitiak. 1959an, Ulgorren lehen presidente bihurtu zen, eta 24 urtez aritu zen ardura horretan. Euskadiko Kutxaren presidente ere izan zen 1959tik 1989ra, eta Fagor Taldeko buru egin zuen 1965etik 1989ra. MCCko presidente ere izan zen bost urtez, eta Euskadiko Kooperatiben Federazioko buru eta Eusko Jaurlaritzako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko eta Espainiako Kooperatiben Federazioko kide ere izan zen, besteak beste.

Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuen 2005ean, eta, joan den maiatzean, ALE Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak omendu zuen, Jose Maria Ormaetxearekin batera —uztailean hil zen Ormaetxea, hura ere kooperatiben mugimenduaren sortzaileetakoa—. ALEk eskerrak eman dizkio gaur: "Agur eta ohore, Alfonso Gorroñogoitia. Esperientzia Kooperatiboaren sortzaileetariko bat eta haren defendatzaile sutsua. Eskerrik asko kooperatibismoari egindako ekarpen guztiengatik".

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere gogoan izan du gaur Gorroñogoitia. "Mondragon korporazioaren sustatzaileetako bat izanik, aztarna sakona utzi du euskal gizartean eta Gipuzkoan", esan du Olanok, eta nabarmendu du asmatu egin zuela "ideal kooperatibistak gauzatu eta hauek gizarte osoaren zerbitzura jartzen". Fagor Taldeak, bestalde, "komunitatearekin eta justizia sozialarekin izan duen konpromisoa" azpimarratu du. Astelehenean egingo dute haren aldeko hileta elizkizuna, 19:00etan, Arrasateko San Joan bataiatzailearen parrokian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.