Lan harremanak

Sindikatuak haserre daude Jaurlaritzak langile publikoentzat iragarritako %0,25eko soldata igoerarekin

Langileen ordezkariei aurretik ezer jakinarazi gabe "alde bakarretik" hartutako erabakia gaitzetsi egin dute ELAk, LABek eta CCOOk. Negoziaziorako borondaterik erakusten ez duena bera dela erantzun diote Josu Erkorekari.

Langile publikoen lan baldintzak negoziatzeko gunea da Mahai Orokorra. Haren bilera baten artxiboko irudia. EUSKO JAURLARITZA
Irune Lasa.
2019ko irailaren 11
10:06
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langile publikoek iraileko nominan %0,25eko soldata igoera izango dutela iragarri zuen atzo Josu Erkorekak, Eusko Jaurlaritzako eledun eta Gobernantza eta Autogobernuko sailburuak. Itzarri BGAErako ekarpena ere handitu egingo diete langile publikoei, %1etik %1,5era. Erabakiaren berri ematearekin batera, Erkorekak sindikatuak ere gogoan izan zituen, eta "borondatea izateko eta arduraz jokatzeko" eskabide zuzena egin zien.

Sindikatuen arabera, ordea, borondaterik erakutsi ez duena Jaurlaritza bera da. Erkorekak ez die bere asmoen berri eman behargin publikoen lan baldintzak negoziatu behar diren foroan, Mahai Orokorrean. Aldiz, Gobernantza sailburuak inolako negoziaziorik gabe "alde bakarretik" erabakia "inposatu" eta haren berri zuzenean hedabideetan eman du. LAB sindikatuaren ustez, jokaera horrekin "Jaurlaritzak negoziazio kolektiborako eskubidea ukatzen die langile publikoei", eta sindikatuak "txotxongilo gisa erabili nahi ditu". ELAren iritziz ere, Jaurlaritzak "begirunea galdua die langile publikoei eta haien ordezkariei". Eta CCOOk esan du "adar jotzea" izan dela.

Iragarritako %0,25eko igoerarekin Erkorekak estatu mailako funtzio publikoko mahaian adostutakoa bete besterik ez duela egiten esplikatu dute sindikatuek. ELAren kalkuluen arabera, 2019. urterako aurreikusi den %2,375eko igoerarekin "langile publikoen erosahalmenaren galera %14tik gorakoa" izango da oraindik.

Itzarriko ekarpenetan, berriz, Jaurlaritza murrizketekin ari dela salatu du ELAk, "gobernuarekin adostutako ekarpenak %3koak baitira". Eta LABek ere leporatu dio Jaurlaritzari "Espainiako legediak ahalbidetzen duen zirrikitu bat baliatzea funts gehigarrien dirua Itzarrira bideratzeko".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.