'Brexit'-a

Ipar Irlandako Auzitegi Nagusiaren arabera, itunik gabeko irteerak ez dio "kalterik egingo" bake prozesuari

Epaileen iritziz, Komunen eta Lorden ganberak bost astez ixteak "ez du eraginik izango" Ostiral Santuko Akordioan, eta aurkezturiko frogak "politikaren mundukoak" dira. Johnsonek erantzun du ez ziola gezurrik esan Elizabeth II.a erreginari.

Erresuma Batuko Parlamentua hilabetez egongo da itxira, urriaren 14ra arte.
Erresuma Batuko Parlamentua hilabetez egongo da itxira, urriaren 14ra arte. Andy Rain / EFE

Ander Perez Zala -

2019ko irailak 12

Bigarren garaipen judiziala lortu du Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak, parlamentuaren itxieraren auzian. Ipar Irlandako Auzitegi Nagusiak, Ingalaterrakoak eta Galeskoak egin bezala, ebatzi du legezkoa izan dela Komunen Ganbera eta Lorden Ganbera bost astez ixtea, aste honetatik urriaren 14ra. Ez hori bakarrik: epaileen arabera, itxierak ez du eraginik izango Ostiral Santuko Akordioan. "Muga gogorrak bake prozesua kaltetuko duela dioten baieztapenak politikoak dira, ez juridikoak", adierazi du Justice Bernard McCloskey epaileak.

Giza eskubideen aldeko Raymond McCord ekintzaileak —paramilitar loialistek haren semea hil zuten 1997an— eraman zuen kasua auzitara, argudiatuta parlamentuaren itxierak eragina izango duela Erresuma Batuko eta Irlandako Errepublikako gobernuak bake prozesuan harturiko erabakiak praktikara eramaterakoan.

Epaileek, ordea, ez dute ikuspuntu hori babestu, argudiatuta itunik gabeko irteerak Irlandako mugan izango dituen ustezko ondorioak ez direla juridikoak: "Bilduriko froga guztiak politikaren mundukoak dira". Erabakiari ezarritako helegiteak bihar entzungo ditu Apelazio Auzitegiak.

Aurrez, Johnsonek kolpe bat jaso zuen atzo: Eskoziako Apelazio Auzitegiak legez kontrakotzat jo zuen parlamentuaren jarduna etetea. Bi garaipen eta porrot bat jasota, auzia datorren astean amaituko da, Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak kasua aztertuko baitu.

Dena den, auzitegi batek erabaki hori legez kanpokotzat jotzeak hautsak harrotu ditu Erresuma Batuan. Johnsonek gaur hitz egin du horren inguruan, eta adierazi du ez ziola gezurrik esan Elizabeth II.a erreginari parlamentua ixteko asmoen berri ematen: "Ez, ez dut gezurrik esan. Ingalaterrako Auzitegi Nagusia gurekin ados dago. [...] Itxaropen handia dut [Europako Batasunarekin] akordio bat lortzearen inguruan".

Johnson Europar Kontseiluaren goi bileran izango da urriaren 17an, Bruselan, eta bilera hori baliatu nahi du brexit-aren beste akordio bat negoziatzeko.

Itunik gabeko irteera

Komunen Ganberako diputatuek behartuta, Erresuma Batuko Gobernuak atzo publiko egin zituen akordiorik gabeko irteerari buruz egin dituzten diagnostikoei eta prestakuntzei buruzko dokumentuak. Horietan, testuingururik okerrenean jarrita, gobernuak uste du arazoak egongo direla elikagaien eta garraioen inguruan.

Besteak beste, Londresen arabera, ondasunek eta zerbitzuek denbora gehiago beharko dute Erresuma Batuko muga pasatzeko, eta horrek "lau orduko atzerapenak" sor litzake.

Itunik gabeko irteera prestatzeaz arduratzen den ministro Michael Goven arabera, dokumentu horiek "berrikusten" ari dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna