Lehengaiak

Petrolioa asko garestitzen ari da, Saudi Arabiaren aurkako erasoaren ondoren

Ekoizpena erdira jaitsi da Saudi Arabian, eta asteak beharko ditu berreskuratzeko.

NASAen aireko irudietan kea ikus ziteken larunbatean Saudi Arabiaren bi petrolio instalakuntzetatik ateratzen. NASA
Iker Aranburu.
2019ko irailaren 16a
11:18
Entzun

Larunbatean, droneen bitartez erasoa jasan zuten Abqaiq-eko findegiak (munduko handienak), eta Khurais putzuak (handienetan bigarrena). Saudi Arabiak eta AEBek Irani leporatu diote erasoa, baina ardurarik ez duela esan du Teherango gobernuak. Iranen babesa duten Yemengo matxino hutiek beren gain hartu dute erasoa.

Merkatua zabaldu eta berehala hamabi dolar garestitu da Brent upela, 71 dolarrera arte. Irakek Kuwait konkistatu zuenetik petrolioak ez zuen izan  halako gorakadarik egun batean. Egunak aurrera egin ahala, ordea, behera egin zuen, eta arratsaldearen amaieran, %12 inguru ari zen garestitzen, zazpi dolarretik gora. Igoera handia izanagatik, petrolio upelaren prezioa joan den maiatzeko mailan dago, eurotan neurtuta.

Hurrengo asteetan eta hilabeteetan prezioak zer egingo duen jakiteko ikusi beharko da zenbat denbora behar duen Saudi Arabiak ekoizpena berreskuratzeko. Hasieran, Saudi Aramco konpainia publikoak zabaldu zuen aste gutxi batzuren buruan normalduko zela ekoizpoena, baina epea luzatuko dela onartu behar izan zuen gero. Produkzioa etenda zuten putzu batzuk berriro ustiatzen hasi da, eta bere erreserben zati bat merkaturatzen ari da atzerriko bezeroak hornitzeko.
Kolpea gogorra izan baita: droneek eraso eraso egin dioten Abqaiq-eko prozesamendu planta munduko handiena da, eta handik ateratzen da esportaziorako petrolioaren %70; Khurais putzua, berriz, handienetan bigarrena da. Erasoak bost milioi upel kendu ditu merkatutik, Saudi Arabiaren ekoizpenaren erdia eta munduko produkzioaren %5.  

Zulo hori berehala betetzeko gaitasuna ez du inork. IEA Energiaren Nazioarteko Agentziaren datuekin Blooomberg-ek egindako kalkuluen arabera, LPEE Lurralde Petrolio Esportzaileen Erakundeak eta haren aliatuek, egunean 900.000 upel gehiago atera ditzakete merkatura. Azken urtean produkzioa mugatzen aritu dira kartela eta Errusia, upelaren prezioa goratu nahian. Erdizka baizik ez dute lortu helburua, AEBak ekoizpena handitzen ari direlako, fracking bidez ustiatutako putzuen bidez.

Bada petrolioaren prezioaren bilakaera iragartzeko kontuan hartu behar den beste faktore bat: erasoak erakutsi du Saudi Arabia oso zaurgarria dela halako erasoei, eta horrek ekar dezake arriskuari lotutako prezio igoera bat izatea.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.