Ekialde Hurbila

Hebroneko kokalekuak bereganatuko dituela hitzeman du Netanyahuk

Bihar egingo dira hauteskundeak Israelen; irabaziz gero, lehen ministroak hitzeman du Zisjordaniako kokaleku guztiak Israelen subiranotasunaren menpe hartuko dituela.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, Jordan haranean egin duen mitinean. AMIR COHEN / POOL / EFE
Paulo Ostolaza.
2019ko irailaren 16a
09:41
Entzun

Hauteskundeen bezperan, Israeleko lehen ministro Benjamin Netanyahuk asmoa erakutsi du Hebronen (Zisjordania, Palestina) dituen koloniak Israelen anexionatzeko.

Zisjordaniako hiririk jendetsuena da Hebron, eta hango zenbait gunetan bizi dira israeldar kolonoak. Aspaldidanik da gune gatazkatsua, hirian Patriarken haitzuloa —musulmanentzat Abrahamen Mezkita— dagoela eta; besteak beste, Abraham, Isaak eta Jakob Bibliako pertsonaien hilobia.

Netanyahuk duela astebete iragarri zuen Zisjordania okupatuan kokatuta dagoen Jordan harana ere bereganatzeko asmoa. Hori plan zabalago baten lehen pausoa izango litzateke, Zisjordaniako kokaleku guztiak "Israelen subiranotasunaren menpe" jartzea baita Netanyahuren helburua.

Lehen ministroak esan duenez, dagoeneko izan ditu lehen elkarrizketak gaiari buruz Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearekin: "Trumpi esan diot subiranotasuna ezartzeko asmoa dudala kokaleku guztietan". Horretaz gain, aipatu du inor ez dela "deserrotua" izango eta ez diela itzulera eskubidea aitortuko Palestinako errefuxiatuei.

Jordaniak eta Palestinako Aginte Nazionalak arbuiatu egin dituzte Netanyahuren asmoak, eta adierazi dute Jordan harana bereganatzen saiatzen bada egungo egoera "modu arriskutsuan" larrituko dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.