Ekialde Hurbila

Israelgo soldaduek emakume palestinar bat hil dute Zisjordaniako mugako kontrol batean

Poliziak argudiatu du emakumeak labana bat zuela, baina bideo batean ikusten da metro batzuetara egin diotela tiro.

jon ordonez garmendia
2019ko irailaren 18a
17:45
Entzun

"Hotz-hotzean egin diote tiro, eta hil arte odolusten utzi dute". Hanan Ashrawi Palestina Askatzeko Erakundeko zuzendaritzako kideak hala azaldu du gaur goizean Zisjordaniako mugako kontrol batean gertatu dena. Soldadu israeldarrek emakume bat hil dute goizean goiz. Israelgo Poliziak ohar batean argudiatu du labana bat zuela eskuetan eta militarrak sastakatzen saiatu dela. Sare sozialetan zabaldu den bideo batean, ordea, oso bestelako irudi bat ikus daiteke: emakumea urrun zen soldaduengandik horiek tiro egin dutenean, eta, Ashrawik esan bezala, lurrean hiltzen utzi dute.

Qalandia herriko mugan gertatu da hilketa. "Terrorista bat labana batekin eraso egiten saiatu da", esan du Twitterren Israelgo Poliziaren bozeramaileak. Irudietan, baina, argi geratzen da soldaduak ondo armatuta zeudela eta bazutela emakumea geldiarazteko beste modurik. Bideoaren hasieran entzuten da emakumeari botatzen dioten tiroa. Ondoren, emakumea lurrean dela, soldaduek hankarekin labana urruntzen dute. Osasun Ministerioak egiaztatu du emakumearen heriotza.

Ashrawik esan du exekutatu egin dutela emakumea, eta azken hilabeteetan ohikoak direla horrelako kasuak. "Jakinda inpunitate osoa dutela, soldaduek lehenengo tiro egiten dute, eta gero galdetu ere ez dute egiten".

[YouTube]https://youtu.be/7S9pUOV9sgI[YouTube]

Hauteskunde eguna dute gaur Israelen. Lehen emaitzek ia erabateko berdinketa iradokitzen dute Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministro Likuden eta Benny Gantz militar ohiaren Urdina eta Zuriaren artean. Netanyahuk kanpainan hitzeman du Zisjordaniako kokaleku guztiak Israelen subiranotasunaren menpe hartuko dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.