Klima larrialdia

Klima larrialdia salatzeko protesta bat egin du Sortuk Sabin Etxean

Ekintza horren bidez, babesa erakutsi nahi izan die irailaren 20tik 27ra klima larrialdiaren aurka mundu osoan egingo diren mobilizazioei.

Sortuk Sabin Etxearen parean egin duen protesta gaur goizean, Bilbon. SORTU
Paulo Ostolaza.
2019ko irailaren 19a
18:27
Entzun

11:30ean bildu dira hamabost aktibista Eusko Alderdi Jeltzalearen egoitza nagusiaren aurrean, trajez jantzita eta eskeletoen maskarekin, "Planeta suntsitu arte" lelopean. "Ekintza sinboliko" horren bidez, "planetaren geroa eta bizitza bera etengabe arriskuan jartzen ari den sistema kapitalista geldiarazteko premiaz" ohartaraztea zuten helburu. Hala, irailaren 20tik 27ra klima larrialdiaren aurka mundu osoan egingo diren mobilizazioei babesa erakutsi nahi izan die Sortuk.

"Enpresa eta erakunde kapitalisten" sinboloak zituzten soinean ekintza egin dutenek, haien aburuz ez baitu balio "klima krisiaren aurkako bandera astindu, eta, aldi berean, errauskailuak eraikitzeak, AHTa eraikitzeak edo Petronor enpresaren kutsaduraren aurrean ez ikusiarena egiteak".

Sabin Etxearen aurrean argazkia egiteko paratu direnean, bi aktibistek itzalgailuak erabiliz holi hauts berdea jaurti dute, adierazi dutenez, osagai naturalez ekoitzitakoa.

EAJk Twitter sare sozialaren bidez erantzun dio Sorturen ekintzari: "Hau da Sortu eta Ezker Abertzalearen koherentzia. 'Aldaketa klimatikoa salatzeko, Bilboko kale bat lohi eta zikin dezagun! Hori bai, %99an naturalak diren hautsekin, gu oso arduratsuak gara eta. Gainera, Sabin Etxeko aurreko kalea da, zeini axola?'. Horrela eraikiko dugu Aberria?" galdegin dute jeltzaleek. Aktibistek sortutako "zikinkeria" udaletxeko langileek "guztion diruarekin" garbitu beharra ere kritikatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.