Hezkuntza

Sindikatuek fiskaltzara joko dute, Ordiziako ikastolako matrikulazioan "irregulartasun larriak" izan direlakoan

Jaurlaritza salatuko dute ELAk, Steilasek eta CCOOk, ikasleen onarpenari buruzko dekretua urratzea leporatuta.

Steilas, ELA eta CCOO sindikatuko kideen agerraldia, gaur goizean. GORKA RUBIO / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2019ko irailaren 19a
20:58
Entzun

Ikasleen onarpena arautzeko dekretu bat onartu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2018an, besteak beste, eskola segregazioa saihesteko neurriak jasotzeko. Bada, dekretu hori urratzea egotzi diote Jaurlaritzari berari ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek: fiskaltzan salaketa bat aurkeztekoak dira, Ordiziako Jakintza ikastolako (Gipuzkoa) matrikulazioan antzemandako "irregulartasun larrien" harira. Sindikatuok agerraldi batean azaldu dutenez, 2018-2019ko ikasturteko matrikulazioari dagozkio urraketak: posturik gabe geratutako 11 haur bertan matrikulatu zituzten azkenik.

Dekretuan ezarritako irizpideen arabera eginiko plangintzan, 3 urteko bi gela jarri zituzten aurreko ikasturtean Jakintza ikastolan, eta bi gelotan 50 ikaslerentzako tokia jarri zuten. Lekurik gabe geratu ziren 11 haur, eta familiek adierazitako bigarren zentroan matrikulatu zituzten hasieran, Lazkaoko ikastolan. Sindikatuen salaketaren arabera, ordea, Hezkuntza Sailak matrikulazioa "aldatu" egin zuen, eta Ordizian jarri zituen, "planifikatu gabe zegoen gela batean". Ikasturte honetan hirugarren gela horretarako finantzaketa eskatu du ikastolak, eta Jaurlaritzak onartu egin dio eskaera.

"Desorekak areagotzen dituzten neurriak bultzatzea" egotzi diote sindikatuak Cristina Uriarteren sailari, eta gaineratu dute hori "irregulartasun larrien" bidez egiten ari dela. Izan ere, nabarmendu dute planifikazio aldaketa okerra zela adierazia ziotela gobernuari: "Gipuzkoako lurralde ordezkaritzako bi teknikarik aldaketaren aurka egindako lau txostenak ez zituzten kontuan hartu".

Ordiziako Jakintza ikastolak apirilean azaldu zuen 3 urteko umeen hiru ikasgela zabaltzeko eta 75 haur jasotzeko baimena bazuela zentroak, nahiz eta itunetik kanpo egon: "Hirugarren gela horren finantzaketa gurasoen eta langileen esku geratu zen". Aurtengo kurtsorako eskatu diote Jaurlaritzari finantzaketa.

ELA, Steilas eta CCOOko ordezkariek gogora ekarri dute Ordiziako eskola publikoko ikasleen %37 jatorri atzerritarreko familietatik datozela, eta etorkinen seme-alaben %87k sare publikora jotzen dutela. "Aniztasuna modu desorekatuan dago banatuta EAEko ikastetxeetan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.