'Glass auzia'

Fiskaltzak seitik bederatzi urtera igo du Bravoren kontrako zigor eskaria

Frogatutzat jo du EAJko senatari ohiak plan bat eratu zuela Ogasunari iruzur egiteko, Glass Costa Este Salou enpresako bigarren administrariarekin batera. Bravoren abokatuak akusatua absolbitzeko eskatu du; nabarmendu du ez dagoela bere kontrako froga zehatzik. Auzia epaiaren zain gelditu da.

Vicor Bravo EAJko senatari ohia, joan den asteartean, 'Glass auziko' epaiketan. JAVIER ETXEZARRETA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko irailaren 19a
20:58
Entzun

Glass auziko azken epaiketa saioa egin dute gaur Donostiako Lehenengo Zigor Epaitegian. Epaimahaiak peritu baten deklarazioa entzun du lehenik. Espainiako Ogasuneko ikuskari batek gertakarien gaineko iritzia eman du. Ondoren, aldeen ondorioetarako txanda izan da. Gipuzkoako Fiskaltzak Victor Bravo Gipuzkoako Ogasuneko zuzendari ohi eta EAJko senatari ohiaren kontrako zigor eskaria gogortzea erabaki du. Sei urteko espetxe eskaritik bederatzi urtekora aldatu du, eta frogatutzat jo du Bravok Ogasun Publikoaren kontrako hiru delitu egin zituela 2003, 2004 eta 2006 urteetan.

Fiskaltzak delitu berak leporatzen dizkio Glass Costa Este Salou enpresako bigarren administrariari ere. Bravorekin batera Ogasunari iruzur egiteko plan bat diseinatu zuela ziurtatu du. Harentzat, baina, lau urte eta erdiko espetxe zigorra galdegin du, ahozko epaiketa hasi aurretik epaimahaiaren esku milioi bat euro uzteko prest egon zelako eta, orain posible delako aringarria ezartzea egindako kaltearen ordainarengatik.

Estatuko Abokatuak hasierako zigor eskariari eutsi dio: bederatzi urteko espetxe zigorra galdegin du bi auzipetuentzako.

Administrariaren abokatuak eskatu du zigor aringarriak ezartzeko epaimahaiak bere bezeroa errudun izendatuko balu, eragindako kaltearen ordainarengatik eta epaiketaren luzatze bidegabearengatik.

Aldeek beren ondorioak azaldu aurretik, epaimahaiak deklarazioa hartu dio Espainiako Ogasuneko ikuskari bati. Peritu gisa parte hartu du epaiketan. Ikuskariak ziurtatu du Glass Costa Este Salou enpresak era iruzurtian aldatu zuela egoitza Cambrilsetik (Tarragona, Herrialde Katalanak) Donostiara, Gipuzkoako "onura fiskal izugarri eta ugariez baliatzeko". Horretarako Bravok eta enpresako bigarren administrariak "plan bat" osatu zutela ziurtatu du; plan horri jarraikiz, Glasseko administraria eta bere emaztea Bravoren Donostiako etxebizitzan erroldatu ziren, eta enpresaren egoitza nagusia Donostian ezarri zuten.

Ikuskariak gaineratu du Bravok "aterki" gisa jardutea aurreikusten zutela; enpresan parte hartzeak zituenez, eta Gipuzkoako Ogasuneko "goi kargu" izan zenez, pentsatu zutela Glassen irregulartasun fiskalak ez zirela ikertuko. Bravok %1,66ko parte hartze zuzena zuen enpresan, eta %5eko zeharkako parte hartzea.

Fiskaltzak antzeko ondorioak aurkeztu ditu. Haren esanetan, Bravok "zigorgabetasun osoa" izan zuen, Ogasuneko zuzendari izana zelako eta akziodunak ziren beste batzuk "Ogasun departamentuko lankideak" zirelako.

Bravoren abokatuak ukatu egin ditu akusazio guztiak, eta ziurtatu du bere bezeroa lagun bat etxean hartzera mugatu zela. Nabarmendu duenez, epaiketan ez da aurkeztu leporatzen zaizkion delituak egin zituela baieztatzen duen "froga zehatzik".

Glass Costa Este Salou enpresako administrariaren abokatuak defendatu du ez zela iruzurra izan enpresaren egoitza Gipuzkoan ezartzea.

Asteartean, epaiketaren lehenengo egunean, Bravok adierazi zuen Glass enpresak baldintza guztiak betetzen zituela Gipuzkoako zerga araudiaz baliatzeko.

Gipuzkoako Ogasunak erregimen berezia aitortu zion Glassi, Bravo Ogasun zuzendari zela. Bravok berak baimendu zuen Glass Enpresen Sustapenerako Sozietateen erregimen berezian sartzea. Erregimen horrek zituen abantaila fiskalei esker, Glassek 1,5 milioi euro gutxiago ordaindu zizkion Ogasunari.

Enpresen Sustapenerako Sozietateen erregimena 1996tik egon zen indarrean, eta 2013an indargabetu zen Gipuzkoan. Enpresen kapitaletan parte hartzen zuten sozietateei abantailak eskaintzen zizkien. Parte hartze hori hiru milioi eurotik gorakoa zenean, %1eko tipoa ezartzen zitzaien Sozietateen Gaineko Zergan. Gipuzkoako Batzar Nagusiek figura horren gaineko ikerketa abiatu zuten, Glass auziaren harira. Ondorioen txostenak zalantzan jarri zuen arau horrek enpresa berrien eratzea sustatzen zuela. Aldiz, argi mintzatu zen haren gardentasun eta kontrol faltari buruz. Gipuzkoak eta Arabak 2013an indargabetu zuten erregimen berezia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.