Klima larrialdia

"Buruzagi arduragabetsuen inakzioa" salatu dute ikasleek Baionan

300 bat ikaslek parte hartu du klimaren aldeko ikasleen grebaren harira Baionan egin duten manifestazioan. Aste guzian ekintzak egitera deitu dute.

jarraia171333.jpg
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko irailaren 20a
18:42
Entzun

"Ez dakit 50 urtetara iritsiko naizen". Oihan Depitout Ardoinen hitzak dira. Baionako Bernat Etxepare lizeoko 14 urteko ikaslea, klimaren aldeko grebaren harira Baionan egin duten manifestazioaren lehen lerroan zen gaur goizean, megafonoa eskuetan. "Adituek diote horrela segituz 2100. urterako 7 gradu igoko dela tenperatura; ezinezkoa izanen da bizitzea", salatu du, kezkatua. "Kutxatu, kontsumitu, eta isilik egon! Hori da gazteei ematen zaien mezua" eta "Klima baino beroago!", aldarrikapen oihuen artean, 300 ikasle elkartu dira Baionako karriketan zehar egin duten manifestazioan. Klimaren aldeko ekintza astearen barnean, ondoko egunetarako antolatu dituzten ekinaldietan parte hartzera deitu dituzte protestan parte hartu duten ikasleak.

Baionako Agusti Xaho plazan bukatu dute mobilizazioa; Amaiur izena eman dioten gereziondoa landatu dute, sinbolo gisa. "Urte guziz, berotegi efektuarengatik, suteak geroz eta larriagoak dira. Oihan horiek idorte eta giza jarduerengatik erretzen dira, eta berotegi efektua azaleratzen duten gasak kantitate handian botatzen dituzte. Arnastea, bizitzea ahalbidetzen digun biodibertsitate bat galtzen ari gara", salatu dute. "Egun landatu dugun arbola horrek, gure planetaren etorkizuna iruditzen du".

Garaipen historikoa

Azken hilabeteetan egin dituzten mobilizazio guzietan bezala, Baionako suprefektura aitzinetik ere pasatu da manifestazioa, Frantziako Gobernuaren erantzukizuna azpimarratzeko. Gaurko mobilizazioan, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen argazkiak errekisatzeagatik epaituak ziren aktibistek lortu duten "garaipen historikoa" goraipatzeko baliatu dute. Hain zuzen ere, Lyongo auzitegiko epaileak errugabe jo ditu aste hasieran, klima larrialdiak horrelako ekintzak zilegitzen dituela ebatzita —ministerio publikoak helegitea jarri dio epaiari—. "Justiziaren erabakiak babesten gaitu bizitzaren aldeko gure borrokan", aldarrikatu dute ikasleek.

Nahia eta Lydieren adierazpenak. Aste osoan antolatuko diren ekintzetan parte hartuko dute @berriapic.twitter.com/OWxvpRCrG4

— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) September 20, 2019

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.