Indarkeria matxista

Bilboko sexu erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egingo dute asteartean, San Antongo zubian

Emakume batek salatu du hiru egunez bahituta eduki dutela Atxuri auzoko pisu batean. Eta behin baino gehiagotan bortxatu duela gizon talde batek. Basurtun artatu dute andrea.

Indarkeria matxistaren kontrako manifestazio bat, joan den abuztuan, Bilbon.
Indarkeria matxistaren kontrako manifestazio bat, joan den abuztuan, Bilbon. Monika del Valle/Foku

Berria -

2019ko irailak 23

Hasieran lau gizonezko atxilotu zituen Poliziak, baina haietako bat aske utzi dute geroago, ez duelako argi ikusi erasoarekin zerikusia duenik. Gainerako hirurei sexu erasoa eta bahiketa leporatzen dizkiete, eta datozen orduetan utziko dituzte epailearen esku.

Ertzaintzak berak baieztatu duenez, emakume batek sexu erasoa eta bahiketa salatu zituen igande arratsaldean, Bilbon. Ostiral gauean festa batera gonbidatu zuten andrea, eta igande arratsaldera bitartean pisuan zarratuta eduki dute gizonezko batzuek.

Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertatutakoa ikertzeko, eta lau gizonezko atxilotu ditu, 33 eta 36 urte bitartekoak.

Asteartean, 19:30ean, San Antongo zubian elkarretaratzea egingo dute erasoa gaitzesteko. Bilboko Alde Zaharreko Kalamiak talde feministak deitu du protestara.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna