Noiz sortua: 2019-09-23 12:34:53

Katalunia

Katalunian atxilotutako bederatzi kidetik bi aske utzi dituzte, karguekin

Goizean atxilotutako bi kide askatu ditu Guardia Zibilak, deklarazioa hartu ostean. Besteak Madrilera bidean dira. Espainiako Auzitegi Nazionalak agindu ditu atxiloketak. Adierazi du atxilotuak CDRko kideak direla. Guardia Zibilak hainbat miaketa egin ditu. Fiskaltzaren arabera, lehergaiak egiteko lehengaiak atzeman dituzte.

Guardia Zibila, Sabadellen (Herrialde Katalanak), gaurko polizia operazioan.
Guardia Zibila, Sabadellen (Herrialde Katalanak), gaurko polizia operazioan. EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2019ko irailak 23

Guardia Zibilak bederatzi lagun atxilotu ditu Katalunian, eta horietatik bi aske dira orain. "Indarkeria ekintzak" prestatzen aritzea leporatzen diete. Atxiloketak Sabadellen, Cerdanyolan eta Mollet del Vallesen egin dituzte, 05:00etatik aurrera, eta hainbat miaketa egin dituzte. Oraindik atxilo segitzen dutenak Madrilera bidean dira.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Seigarren Epaitegi Nagusia ari da operazioa koordinatzen, Manuel Maria Garcia Castellon epailea buru duela. Auzitegiak baieztatu egin du operazioa. Adierazi du atxilotuak CDRetako kide direla eta "indarkeria ekintzak egiteko ahalmena" izan zezaketela. Ikerketa judiziala duela urtebete baino gehiago hasi zen, ustezko terrorismo delituagatik. Terrorismo delituaz gain, matxinada delitua eta lehergaiak izatea ere leporatzen diete.

Fiskaltza harago joan da, eta adierazi du atxiloketen helburua "talde terrorista sezesionista" bat indargabetzea dela. Azaldu duenez, atxilotuek "aurreratuak" zituzten "proiektu terroristetarako prestakuntzak". Fiskaltzaren iritziz, atxilotuek egun gutxi barru egin behar zituzten ustezko ekintza horiek; erreferendumaren urteurrenaren eta buruzagi independentisten auziko epaia kaleratu arteko epean. Miaketetan, ikerketarako dokumentazio eta material informatiko "ugari" atzeman dutela jakinarazi du. Gainera, lehergaiak egiteko substantziak ere aurkitu dituztela ziurtatu du.

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak adierazi du atxilotuei "indarkeria ekintzak" prestatzen aritzea leporatzen zaiela. Auzia sekretupean dagoela argudiatuta, uko egin dio xehetasun gehiago emateari.

CDRek salatu dute "Espainiako Erreinuko indar errepresiboek jopuntuan" jarri dituztela. Ohartarazi dute miaketa "indiskriminatu" eta atxiloketa "arbitrarioak" egin arren ez dutela "herri konbentzitu eta borrokalari bat geldiaraziko". Mobilizazio deialdietara erne egoteko eskatu dute. Sabadellen, manifestazioa egingo dute atxiloketen aurka, 19:00etan hasita.

Katalunian protesta eta mobilizazio handiko egunak espero direnean agindu ditu auzitegiak atxiloketak. Izan ere, urriaren lehenengo hamabostaldirako espero da espetxean dauden buruzagi independentisten auziko epaia. Auzitegiak buruzagiak zigortuz gero, protestarako deia egina du mugimendu independentistak.

Atxiloketak gaitzesteko mezuak zabaldu dituzte sareetan hainbat politikari independentistak. David Fernandez CUPeko parlamentari ohiak salatu du Guardia Zibilak atxiloketak egin dituela lehenik, eta probak ondoren bilatu dituela.

Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak Fernandezi erantzun dio. "Zenbait hedabide espainiarrek dagoeneko itxi dute operazioa eta delituak leporatu dizkiete operazioa hasi den une berean".

Roviraren alderdikide Gabriel Rufianek nabarmendu du atxilotuak beraien kontrako probak lortzeko atxilotu dituztela. "Demokrazian alderantziz" izaten dela adierazi du. "Egin daitekeen galdera bakarra da hurrengoa nor izango den", adierazi du.

Aurora Madaula JxCko parlamentariaren esanetan, independentistak "zerrendengatik eta aulkiengatik borrokan" ari diren bitartean, "haiek errepresioa eta mugimendu independentistaren ilegalizazioa justifikatuko duen kontakizuna eraikitzen ari dira".

Marcel Mauri Omnium Cultural elkarteko presidenteak ere atxiloketak arbuiatu ditu. "Dixan operazioa, Pandora operazioa, Tamara eta Adri operazioa... eta beste hainbeste operazio Auzitegi Nazionalaren aginduz, gaurkoa bezala, goizaldean, eskubideak urratzen, mugimenduak kriminalizatzen. Atxilotu, eta ondoren probak bilatzen dituzte. Beti bezala".

ANCk salatu du atxiloketak "arbitrarioak" izan direla, eta horien heburua "epaiaren atarian" mugimendu independentista "izutzea eta kriminalizatzea" dela. Elkartasuna adierazi die atxilotuei.

CUP alderdiak ere atxiloketak salatu ditu. Ziurtatu du Espainiako Estatuak "beldurra" beharrezko duela "edonolako disidentzia arrasto ezabatzeko". "Bakarrik nahi gintuzten, elkarrekin izango gaituzte", gaineratu du.

Tamara eta Adria Carrascoren aurrekaria

Gaurkoa ez da Guardia Zibilak CDRko kideen aurka ustezko terrorismo delituen akusaziopean egin duen lehenengo polizia operazioa. 2018ko apirilean, Tamara Carrasco atxilotu zuen Auzitegi Nazionalaren aginduz. Adria Carrasco atxilotzen saiatu zen, baina ez zuten aurkitu. Belgikara ihes egitea lortu zuen, eta han jarraitzen du oraindik.

Atxilotu eta hilabete batzuetara, terrorismo eta matxinada akusazioak baztertu zituen Auzitegi Nazionalak eta Kataluniako epaitegietara bideratu zuen auzia. Biei desordena publikoko delitua egozten zaie, CDRen batzarretan komunikazio azpiegiturak blokeatzera deitzeagatik.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 5ean eguneratua. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan hiru lagun hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez. Hamalau positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta ez dute gaixorik ospitaleratu. Euskal Herrian 29.723 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.089 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Herritar batzuk Debako (Gipuzkoa) parke batean, elkarren arteko distanziak zainduz. ©GORKA RUBIO / FOKU

Araba, Bizkai eta Gipuzkoa artean ibili ahalko da astelehenetik aurrera

Jakes Goikoetxea

Espainiako Gobernuak jakinarazi du Hego Euskal Herria hirugarren fasera pasatzea onartu duela. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak izurritearen kudeaketaren kontrol osoa berreskuratuko dute

Patricia Fanlo, Laura Imaz, Jose Espinoza, Marina Delgado eta Irati Ormazabal medikuak. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Ondorioei begira

Arantxa Iraola

Erne daude medikuak, COVID-19ak pazienteetan nolako ondorioak izan ditzakeen begiratzen: lehen irudipenen berri eman du Iruñeko Ospitale Guneko sendagile talde batek

Bilboko mintzapraktika sareko Ioana haurrak eta Sergio Garcia boluntarioak astean hiru aldiz egiten dute mintzapraktika, bideo deien bidez. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Euskara izan dezaten

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Eskolak itxita, euskaraz egiteko aukerarik gabe geratu dira milaka ume eta gazte: mintzapraktika sareak sortu dituzte. Bilbo Handian 450 haurrengana heldu dira

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna