Turismoa

Thomas Cook agentziaren kiebrak 600.000 bidaiari utzi ditu itzulera hegaldirik gabe

Turismo konpainia ordainketa etenduran dago goizeko ordu txikietatik. Orain hainbat herrialdetako gobernuen ardura izango da munduan barreitutako bidaiariak aberriratzea, eta lan konplexua izango da; Erresuma Batura soilik 150.000 bidaiari itzuli behar dira.

Thomas Cookeko bidaiariak Palmako aireportuan gaur, Balearretan.
Thomas Cookeko bidaiariak Palmako aireportuan gaur, Balearretan. CATI CLADERA / EFE

Irune Lasa -

2019ko irailak 23

Ez da lehen aldia horrelako zerbait gertatzen dela, turismo agentzia batek edo aire konpainia batek hondoa jo eta bere milaka bezero abandonatuta uztea, munduaren beste puntan, eta itzulera hegaldirik gabe. Baina Thomas Cookenak neurri guztiak gainditzen ditu: azken kalkuluen arabera 600.000 bidaiari dira jatorrizko herrialdera itzultzeko hegaldirik gabe gelditu direnak.

Haientzat guztientzat aberrira itzultzeko moduak bilatzen ari dira orain gobernuak, bidaia turistiko horien jatorrizko herrialdeetan. Alemaniako aire agentzia da horietako bat. Baina, nola ez, Erresuma Batuko gobernua izango da lan handienetakoa izango duena, 150.000 bidaiariri lagundu behar die Malaysia bezalako herrialde urrunetatik itzultzen.

"Erlojuaren kontra ari gara jendea laguntzeko", esan du Grant Sahpps Garraio ministroak. "Erronka itzelezkoa da, Erresuma Batuaren historian bake garaian egindako aberriratze handiena". Beharbada, zailtasun eta konplexutasun hori adierazteko jarri die ministerioak Matterhorn operazioa izena plangintza lanei, igotzeko bereziki zaila den mendiari erreferentzia eginez (II. Mundu Gerrako operazio militar baten izena ere bada).

Oraingoz Erresuma Batuko gobernuak 45 charter hegazkin jarriko ditu beretzat lanean. Gaur, astelehenez, berez 16.000 bidaiari ziren herrialdera itzultzekoak, hainbat opor lekuetatik. Gero, Thomas Cookekin bidaiak edo oporrak kontratatua baina oraindik haiek erabili gabe dituzten bezeroekin zer gertatuko den, berriz, kasuan kasu argitu beharko da.

22.000 langile

Oporretatik etxera itzultzea asko konplikatu badaiteke ere, norbere lanpostua arrisku larrian ikustea ere ez da batere samurra. Eta egoera horretan daude gaur Thomas Cook agentziak munduan dituen 22.000 langileak.

178 urterekin Thomas Cook agentzia izan zen guztia barne opor paketeen sortzailea. Baina, negozioa bidaiatzeko ohitura berrietara egokitu ezinda, turismo konpainia gaur goizeko ordu txikietan sartu da ordainketa etenduran, ez duenean lortu hartzekodunek eskatutako baldintza: nahikoa likidezia (200 milioi libera esterlina, 226 milioi euro) taldearen berregituraketa bat egiteko. Hartzekodunen konkurtsora joateko administraziopean sartuko da orain.

Eta Thomas Cook taldeak opor lekuetan kontratutako hotel eta zerbitzuek ere igarriko diote gertatutakoari, milioika bezeroren hornitzailea desagertu baitzaie.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna