Enpresak

Mercedesek 870 milioiren isuna ordainduko du isurketen auzian

Volkswageneko hiru buru eskandalua ezkutatzeaz akusatu ditu fiskalak.

Iker Aranburu.
2019ko irailaren 24a
17:27
Entzun

Diesel motor iruzurtien auzia itxi ahal izango du Daimlerrek. Stuttgarteko fiskaltzak 870 milioi euroren isun bat ezarri dio Mercedes eta Smart marken egileari, isurketei buruzko araudia betetzen ez zuten 684.000 auto saldu zituelako. Auzia guztiz irekita jarraitzen du, berriz, akusatu nagusiarentzat, VW taldearentzat. Braunchsweig hiriko Fiskaltzak akusazio formala aurkeztu du gaur VWeko hiru buruzagiren aurka, dieselaren iruzurraz berandu informatzeagatik. Herbert Diess taldeko oraingo burua, Martin Winterkorn aurreko arduraduna, eta Hans Dieter Poetsch zaindaritza kontseiluko presidentea dira hiru akusatuak.

Daimlerrek ontzat hartu du isuna, eta jakinarazi du ez duela haren aurkako helegiterik egingo. Gainera, ziurtatu du isunak ez duela eragin handirik izango bere kontuetan, 1.600 milioi euro baztertuta dituelako dieselaren eskandaluaren kostuei aurre egiteko.

Akordiorako proposamenik ez dute jaso VWeko buruek, eta nekez jasoko dute. Are gehiago, gaur jakinarazitakoarekin jada bi akusazio dituzte: apirilean, Braunchsweigeko fiskaltzak CO2 isurketak ezkutatzeaz akusatu zituen 2015ean, eskandalua lehertu zenean, VWeko buru ziren lau lagun, haien artean Winterkorn. Oraingoan, iruzurraren neurria ezkutatzea leporatzen diete.

2015eko irailean, AEBetan hasitako ikerketa baten harira, VWek onartu zuen software tranpatia jarri zuela diesel motorreko ehunka mila autotan, haien gas isurketak faltsutzeko. Eskandalu horren ondorioz amildu da erregai hori erabiltzen duten autoen salmenta, eta isurketak kontrolatzeko sistema zorrotzagoak jarri dira indarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.