NBE-ren bilera

Itun nuklearrean "aldaketa txikiak' egiteko prest dago Rohani, AEBek zigorrak kentzearen truke

Iranen "odol desiraren" kontra egitera deitu du Trumpek

Hassan Rohani Irango presidentea. EFE
2019ko irailaren 24a
18:47
Entzun

NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Orokorra hasi da gaur, New Yorken, eta Hassan Rohani Irango presidentea bihar da hitzaldia ematekoa. Halere, hedabideen aurrean mintzatu da, eta nabarmendu du itun nuklearrari "aldaketa txikiak, zuzenketak" egiteko prest dagoela, baldin eta AEBek zigorrak kentzen badizkie. AEBak iaz atera ziren 2015ean Iranek, AEBek beraiek, Alemaniak, Frantziak, Erresuma Batuak, Txinak eta Errusiak sinatutako akordiotik, eta berriro hasi ziren errepublika islamikoari zigor ekonomikoak ezartzen.

Donald Trumpek batzar orokorrean hitz egin du jada, eta Iranen "odol desiraren" aurka egitera deitu ditu erakundeko herrialdeak. Azpimarratu nahi izan du, ordea, inoiz ez duela "etsai iraunkorretan" sinestu, eta ez diola diplomaziari aterik itxi nahi. Zenbait hedabideren arabera, ezin da baztertu Trump eta Rohani datozen egunetan elkartzea, batzar orokorraren aitzakian. Emmanuel Macron Frantziako presidentea Rohanirekin bildu zen atzo gauean, eta atzo esan zuenez, "datozen orduetan" aurrerapausoak eman daitezke Iranen auziari dagokionean.

Bestela, abertzaletasunaren alde hitz egin du Trumpek. "Mundu askeak" nazio estruktura mantendu behar duela esan du, eta ez lukeela saiatu behar hura ordezkatzen: "Askatasuna nahi baduzu, harro egon zaitez zure herriaz".

Mugak ixtea defendatu du, "legez kanpoko immigrazioa" saihesteko. Eta, era berean, goretsi egin ditu bere gobernuak hartutako "aurrekaririk gabeko neurriak". Gogor egin du "pertsonen mugimendu askearen alde" daudenen kontra, eta "pertsonen trafikoa" eta "sare kriminalak" bultzatzea egotzi die.

NBEren asanblada nagusian ohitura da lehendabiziko hitzaldia Brasilgo gobernuburuak egitea. Hala, Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak hitz egin du beste inork baino lehen. Hark, udan Amazonia erretzen ari zenean egindakoaren sokako adierazpenak egin ditu, eta Amazonia munduaren birika dela dioena gezurretan ari dela nabarmendu du. Suak kiskatzen ari dela ere ukatu egin du, eta hainbat herriri egotzi die Brasilekin "modu kolonialean" jokatzea. "Herrialde batzuk, lagundu beharrean, errespeturik gabe ari dira jokatzen, modu kolonialean, gure subirautza erasotuz".

NBEren egoitzaren aurrean bertan elkartuta zeudenen kontra ari zen Bolsonaro. "Bolsonaro, lurrarentzat arriskutsua da" kartelekin elkartu dira, eta Brasilgo gobernuburua entzunda haserretu egin dira "gezurti bat da!", esan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.