AEB-ak

Zer da 'impeachment' bat?

AEBetan ezin liteke presidente baten aurkako auzibidea hasi hura karguan den bitartean. Baina impeachment-aren bidez hura politikoki epaitzeko eskumena du Senatuak.

Manifestariak Trumpe auzipetzeko eskatzen, ekainean, New Yorken. PETER FOLEY, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko irailaren 25a
14:51
Entzun

Auzipetu. Horixe esan nahi du impeach hitzak, eta hori da AEBetak Donald Trump presidentearen aurka hasi berri duten prozedura, hau da, hura politikoki epaitzea ahalbidetzen duena. Impeachment-a abian jartzeko, beharrezkoa da Ordezkarien Ganberara aurkeztea estatuburuaren aurkako karguak. AEBetako Konstituzioaren arabera, prozedura hau baliatu daiteke presidente bat kargugabetzeko hark "traizioa, eroskeria edo bestelako krimen edo delituak" egin dituela frogatzen bada.

Ordezkarien Ganberan edozein ordezkarik aurkez dezake presidentearen aurkako salaketa, baina, hark aurrera egingo badu, 218 ordezkariren babesa beharko du, hots, gehiengo sinplea. Hori lortuz gero, Senatura igarotzen da auzia. Hark du epaiketa egiteko eskumena.

Senatuan, Auzitegi Goreneko presidenteak hartuko du epaile lana, eta ganberako hainbat kidek osatuko dute akusazioa. Auzipetuak aukera izango du bere defentsa nork egingo duen erabakitzeko, eta gainontzeko senatariek osatuko dute epaimahaia. Senatuaren azken erabakia behin betikoa litzateke, hau da, Gorenak berak ere ezingo luke atzera bota.

Prozeduraren amaieran, senatarien bi herenek, 67 senatarik, presidentea erruduntzat joko balute, hark kargua galduko luke. Kasu horretan, AEBetako Gobernuko presidenteordeak hartuko luke haren tokia, hauteskundeak egin bitartean. Dena den, halakorik ez da inoiz gertatu. Soilik bi estatuburu auzipetu dituzte gaur artean —1974an, Richard Nixonek dimisioa eman zuen Watergate auziagatik epaitua izan aurretik—: Andrew Johnson, 1868an, eta Bill Clinton, 1998an. Biak errugabetu zituzten.

Alderdi Demokratan denbora luzea zeramaten prozedura hasteaz hitz egiten, baina orain artean ez dute urratsik egin, hura galtzeak hauteskunde kanpainan izan dezakeen eragina dela medio. Baina Ukrainako auziak eragindako lurrikarak azken urratsa egitera bultzatu ditu demokratak. Izan ere, zenbait komunikabideren arabera, buruzagi errepublikanoak eskatu dio Ukrainako Gobernuari iker dezala Joe Biden presidenteorde ohiaren semeak han dituen negozioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.