Fiskalitatea

Bizkaiko Diputazioak atzera botako du errenta irregularrei buruzko dekretua

EAJ eta PSE ados jarri dira abuztuan egindako moldaketa erretiratzeko. Foru arau berri bat onartuko dutela hitzartu dute, "inbertsio funtsak erakartzeko". Gipuzkoako Diputazioa araua atzera botatzeko eskatzekoa zen, formalki, Zergak Koordinatzeko Organoan.

Itxaso Atutxa Bizkaiko batzarkide eta EBBko burua batzar nagusiak eratzeko bilkuran, ekainean, Teresa Laespada (PSE) batzarkidearekin. MIGUEL TOñA / EFE
Hodei Iruretagoiena.
2019ko irailaren 25a
14:12
Entzun

Gobernuko bazkideengandik jasotako kritiken ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak atzera botako du errenta irregularrei buruzko arauaren aldaketa. EAJren eta PSEren arteko akordio baten ondorio da erabakia; atzo gauean eta gaur goizean bilduta egon dira bi alderdien ordezkariak. Abuztuan dekretu bidez egindako aldaketa bertan behera geratuko da, beraz, eta foru arau bat onartuko dute "inbertsio funtsak erakartzeko"; hau da, funts horien kudeatzaileek zerga gutxiago ordaintzeko. Bizkaiko EAJk txio bidez nabarmendu duenez, zerga erregimen berezi bat izango dute start-up enpresek, "ekintzaileek" eta inbertsoreek. Abantaila horiek "talentua erakartzeko" emango dituztela azaldu du EAJk, "beste kolektibo batzuetan eragin gabe". Batzar nagusietan onartuko dute foru arau berria.

Atzera egiteko prest zirela iradoki du goizean BBBko buru Itxaso Atutxak. Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, Atutxak nabarmendu du ez dutela "arazorik" egoera argitzeko, eta "gehiago zehaztu behar bada", zehazteko: "Atzera egin eta horrenbeste ika-mika piztu duen zerga legea berridazteko arazorik ez dugu". Hala egingo dute azkenean, PSErekin ados jarri ondoren.

PSEko kideek Bizkaiko Foru Aldundiaren gobernu bileran eskatu zieten jeltzaleei atzera egiteko, baina auzia alderdien arteko bilera batean konpontzekotan geratu ziren. Atzo, Elena Unzueta diputazioko bozeramaileak esan zuen "talentua erakartzeko" onartu zutela abuztuko dekretua, "ekintzailetasunaren eta enpresa sorreraren aldeko ekosistema" bat sortu eta "Bizkaia hobea eta lehiakorragoa egiteko, eta inbertsio funtsak erakartzeko". Lerro artean, onartu egin zuen Athletici mesede egiten diola aldaketak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, gaur jakinarazi du formalki eskatuko diola Bizkaikoari atzera botatzeko joan den errenta irregularrei buruzko aldaketa. Gipuzkoako Diputazioaren iritziz, "harmonizazio fiskala hautsi", eta "kudeatzeko zaila" den egoera eragin du Rementeriaren gobernuak. Datorren astean egitekoa zen araua eskaera, Zergak Koordinatzeko Organoaren bileran, baina dagoeneko ez da beharrezkoa izango.

2014tik indarrean zegoen arau bat aldatu zuen foru aldundiak dekretu baten bidez joan den abuztuaren 21ean, Bilbo Aste Nagusian zela, eta idatzi korapilatsu baten bidez. Hain zen korapilatsua, ezen PSEko bazkidea ez baitzen ohartu zer onartzen ari zen. Ia hilabete geroago auzia prentsan argitaratu eta gero, PSEk onartutakoaz hausnartu behar izan du. Atzo, haserre agertu zen jeltzaleen jarrerarekin Idoia Mendia idazkari nagusia.

Eliteko kirolarien errentak

Errenta irregularrak (oso handiak) dituztenek beren irabazien erdien gainean dagokien errenta zerga ordaindu behar zuten 2014ko arauaren arabera, baina beste erdia salbuetsita zegoen, betiere 300.000 eurotik beherako irabazia bazen. Hau da, 300.000 eurotik gorako mozkinek ere zegokien errenta zerga ordainduko zuten. Azken dekretuak muga hori ezabatu du, eta errentaren erdiaren gaineko zerga baizik ez dute ordaindu beharko errenta irregularrak deitutako soldata handi horiek. Hor sartzen dira zorizko jokoen irabaziak, baina baita eliteko kirolarien errentak ere; eta Bizkaian, praktikan, Athletici egiten zion mesede handiena, hark pagatzen baititu jokalarien soldata handien zergak, kontratua egitean horrela adosten dutelako aldeek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.