Politika

Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari izateko aurkeztuko da Esporrin

Nahiz eta irabazteko aukerarik ez izan, PSNko Iruñeko hautetsiak argudiatu du ez duela gustuko ez Navarra Sumaren proiektua ez eta EH BIldurena ere

Maite Esporrin, Iruñeko hautetsia. PSN
joxerra senar
2019ko irailaren 25a
14:58
Entzun

Berriro ere eskuak garbituko dituzte PSNk eta Maite Esporrinek. Bihar, 19:30ean, Iruñerriko Mankomunitateko presidentea hautatzeko batzarra egingo dute erakundea osatzen duten udaletako 54 ordezkariek. Gaur arte, EH Bilduko Aritz Aiesa eta Navarra Sumako Juan Jose Etxeberria ziren hautagaiak, eta euren artean lehia oso estua dute. PSNren botoak erabakigarriak izan litezke, baina Esporrinek nahiago izan du ez bataren ez bestearen alde egin.

Azken astean, EH Bilduk bilerak egin ditu bai independenteekin, bai eta PSNrekin ere. Sozialistek, ordea, ez diete argitu euren posizioa, gaur goizera arte. Esporrinek azaldu du alderdi sozialistak bere proiektua duela mankomunitaterako, eta horregatik euren hautagaitza aurkeztuko dutela. PSNk ez du gustuko nola kudeatu duen erakundea azken lau urteotan EH Bilduk, eta, era berean, nabarmendu du ez duela ezagutzen Navarra Sumaren proiektua.

Batzarra 54 hautetsik osatzen dute. Iruñeko 27 hautetsiez gain, Iruñerriko gainerako udalek ordezkari kopuru jakin bat dute, biztanleriaren arabera —gainera, mankomunitate barruko herri txiki ugaritako ordezkariak bailaretan biltduta aukeratzen dute batzarrera joango den ordezkaria—. Iruñeaz at, gainerako udaletan egin diren hautaketaren arabera, Navarra Sumak 22 ordezkari ditu, EH Bilduk hamalau, PSNk zazpi, Geroa Baik hiru, eta talde independenteek zortzi.

Behin PSNren posizioa argituta, independenteek baldintzatu dezakete balantza alde batera. Mankomunitateko presidentetza hautatzeko, gehiengo osoa behar da, baina 28 boto lortzeak zail dirudienez, bigarren itzulian gehiengo sinplea lortuta aski du irabazleak. Independente batzuk EH Bilduren proiektua begi onez ikusten dute, baina biren botoa zalantzan dago. Horiek hala, azken emaitza ziurgabea da oraintxe.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.