Osasuna

Jaurlaritzak haurren aho hortzen osasunean "buru-buruan" ari dela esan du

Egun haurren %97k ez dute txatxarrik 7 urterekin; %75 dira 12-14 urte arteko gaztetxoen artean

arantxa iraola
2019ko irailaren 25a
14:49
Entzun

"Hobekuntza orokorra erakusten du". Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko aho hortzetako osasunaren laugarren ikerketa epidemiologikoak datu aski onak ematen ditu haurren aho hortz osasunari dagokionez;. %97k ez dute txatxarrik 7 urterekin; %75 dira 12-14 urte arteko gaztetxoen artean. Hamar urtean behin egiten da azterketa, eta 2008an erregistratutako "maila onak" hobetu egin direla goraipatu du. Agerraldi bat egin du gaur txostena aurkezteko.

Azterketa horren arabera, hobekuntza agerikoenetarikoa da 14 urteko gaztetxoen artean %38ko beherakada izan dela txantxarra duten hortzen batez besteko kopuruan. Datu negatiboen artean dago 7 urteko haurren artean gehitu egin direla txantxarraren eraginpean dauden hortz piezak eta esneko hortzetan txantxarra duten haurren kopurua.

Ororen gainetik, ordea, datu onak direla uste dute. "Gure herrian azken hamarkadetan hasitako eta egindako ahalegin guztien emaitza da", azaldu du sailburuak. Nabarmendu ditu, besteak beste, haur eta gaztetxoei arta ematen dien Haurren Hortzak Zaintzeko Programa eta uraren fluorizazioa. Programak iaz 130.000 haur eta gaztetxo artatu zituen: ezarri zenetik artatutako pertsona kopururik handiena. Aurten, berriz, 190.000 haurrek baino gehiagok jasoko dute parte hartzeko gonbidapen gutuna. Uraren fluorizazioari dagokionez, dagoeneko herritarren %75arengana heltzen da, eta osasun sistemako arduradunen arabera, ondorio onak ditu: "Eremu fluoratuetan txantxar indizea txikiagoa da".

Datuak zeinen onak diren adierazteko, alderaketak egin dituzte Osasun Saileko arduradunek; EB Europako Batasunarekin, eta estatuarekin. EBn zerrendako bigarrena da autonomia erkidegoa, Danimarkaren atzetik. Estatuan, lehena.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.