Katalunia

CDRko atxilotuak epailearen aurretik igaroko dira bihar

Guardia Zibilak astelehenean atxilotu zituen CDRko kideen askatasuna galdegiteko lapiko jotzera deitu dute mugimendu independentistako hainbat eragilek. Defentsa abokatuek salatu dute Guardia Zibilak eta Espainiako Auzitegi Nazionalak atxilotuen eskubideak urratu dituztela.

CDRko bederatzi kideren atxiloketa salatzeko elkarretaratzea, atzo, Vicen (Herrialde Katalanak). @ALERTASOLIDARIA
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko irailaren 25a
19:09
Entzun

Atxilotuta jarraitzen duten CDRko zazpi kideak eta karguekin aske utzi zituzten beste biak bihar pasako dira epailearen aurretik. Espainiako Auzitegi Nazionalera joan beharko dute, Manuel Garcia Castellon epailearengana. Atxilotuei terrorismo delitua leporatzen diete.

Alerta Solidaria ezker independentistaren jazarpenaren kontrako erakundeak salatu duenez, hainbat irregulartasun eta "eskubide urraketa" izan dira atxilotuen kontrako prozesuan. Eva Pous elkarteko abokatuaren esanetan, atxilotuei ez zaie terrorismoaren kontrako legea ezarri, atxilotuetako batek astelehenean bertan aukeratu zuelako Pous bera defentsa abokatu. Aldiz, lege hori "ezkutuan" ezartzea leporatu dio Guardia Zibilari, ez diotelako bere bezeroa ikusten utzi atxiloketatik 36 ordu baino gehiago igaro diren arte.

Alerta Solidariak ohar bidez gaineratu du 48 ordu baino gehiago eman dituela Guardia Zibilak atxilotuak epailearen aurrera noiz eramango dituzten argitu gabe, eta, horrez gain, abokatuei atxilotuak non dauden jakitea oztopatu diela. Taldearen esanetan, "informazioa ukatu" edo "informazio kontraesankorra" eman diete.

Bi atxiloturen kasuan, Guardia Zibilak ofiziozko abokatuak "inposatzeko" egoera "manipulatu" duela ere ohartarazi dute.

Azkenik, salatu du, atxilotu zituztenetik 48 ordutara, talde juridikoak ez duela auziari buruzko inolako dokumentaziorik kontsultatzeko aukerarik izan, auzia sekretupean delako, baina, aldi berean, hainbat filtrazio izan direla zenbait komunikabidetara.

Lapiko jotzeak

Atxiloketen ondorioz, lapiko jotzeen protestara itzuli ziren atzo Katalunian, mugimendu independentistako hainbat eragilek deituta, eta "disdentziaren kotrako jazarpena" salatzeko deialdiak egin dituzte gaurko ere. "Ez dugu inolaz ere salbuespenezko egoera politiko bat normalizatuko", ohartarazi dute Telegram bidez hedatzen ari den protestarako deialdi batean. Nabarmendu dute gaur bi egun bete direla Guardia Zibilak CDRetako zazpi kide "bahitu" zituela. "Elkarrekin" erantzuteko eskatu die herritarrei.

Mugimendu independentistetako hainbat eragilek eta ordezkari ezagunek egin dute bat deialdiarekin. Horien artean, Marcel Mauri Omnium Culturaleko presidenteordea, ANC, CUP eta Arran gazte erakundea. Atzo bezala, 21:00etarako deitu dute lapiko jotzera gaur ere.

Horrez gain, CDRk elkarretaratzera deitu du, 20:00etarako, Guardia Zibilaren Bartzelonako Grazia auziko kuartelaren parean. "Kideak barruan dauden bitartean, kanpokook ez dugu lorik egingo", adierazi dute Twitter kontuan.

Atxiloketak astelehen goizaldean egin zituen Guardia Zibilak eta hainbat miaketa ere egin zituen. Fiskalak argudiatu du "berehalakoan ekintza biolentoak" egingo zituzten zantzuak zeudelako egin zituztela atxiloketak. Atxikitako materiala, ordea, oraindik "adituen esku eta aztertzeke" dagoela jakinarazi du Guardia Zibilak. Tartean, baliabide informatikoak eta "lehergailu gisa erabil litekeen" materiala topatu dutela jakinarazi du. Fiskaltzaren esanetan, "helburu sezesionistekin, ekintza terroristak egiteko prest" zeuden. Guardia Zibilaren arabera, baina, atxiloketen xedea izan da ekintzetarako "prestaketak zenbateraino aurreratuta zeuden" ikertzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.