Espainiako bozak

Errejon Mas Pais markarekin aurkeztuko da hauteskundeetara

Mas Madrid alderdiko oinarriek Iñigo Errejonen hautagaitza berretsi dute, eta adierazi du soilik "bloke progresistari kalte egingo ez dion barrutietan" aurkeztuko dela. Lopez Uralde Equoko diputatuak adierazi du Unidas Podemosekin aurkeztuko dela, Equok Errejonekin batera aurkeztea erabakiko balu ere.

Iñigo Errejon (erdian) Mas Madrideko kideekin batera, bere hautagaitza aurkezteko ekitaldian. ANDRES BALLESTEROS, EFE
2019ko irailaren 25a
20:58
Entzun

UGT sindikatuak utzitako areto batean bildu dira Mas Madrid alderdiko militanteak, Iñigo Errejon Espainiako hauteskundeetarako hautagai izendatzeko. "Prest nago azaroaren 10ean gobernu progresista bat bermatuko duen hautagaitza baten buru izateko", adierazi du.

Espainiako hainbat hedabidek aurreratu dutenez, Mas Pais [Herrialde Gehiago] markarekin aurkeztuko da Errejon Gorteetarako bozetara. Oinarriek onartu dute emakumeak gehiengoa izatea zerrendetako posturik esanguratsuenetan.

Mas Madridek gonbitea egin die beste lurralde batzuetako indarrei proiektuarekin bat egitera eta akordioak bilatzera. Gaur onartutako dokumentuaren arabera, hautagaitza ez da lurralde guztietan aurkeztuko. Soilik "bloke progresistari kalte egingo ez dion barrutietan" aurkeztuko da.

Lopez Uralde, Elkarrekin Podemosekin

Juantxo Lopez Uralde Espainiako Gorteetarako azaroaren 10eko hauteskundeetan Elkarrekin Podemos koalizioarekin aurkeztuko da berriro, baita haren alderdi Equok Iñigo Errejonen hautagaitzarekin batera joatea erabakitzen badu ere. Equon egiten ari diren kontsulta kritikatu du, "taktizismo hutsa" delakoan. Pasa den apirileko Kongresurako hauteskundeetan Arabatik aulkia lortu zuen Lopez Uraldek. Equok 2014tik ari da Podemosekin lankidetzan. Alderdi ekologistak astelehenean erabakiko du Errejonekin bat egingo duen ala ez. Chunta Aragonesista ere aukera bera aztertzen ari da.

Compromisek, berriz, Errejonen hautagaitzarekin batera aurkeztea erabaki du jada. Errejonek eskertu egin du alderdi valentziarraren erabakia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.