LEGANES 1-1 ATHLETIC

Athleticek galdu gabe jarraitzen du (1-1)

Talde zuri-gorriak bana egin du Leganesen zelaian, eta tinko mantentzen da sailkapeneko goiko postuetan. Raul Garciak gola sartu du lehenbizi, penaltiz, eta Oscar Rodriguezek berdindu egin du gero, falta jaurtiketaz.

2019ko irailaren 25a
23:09
Entzun

Athleticek bolada onari eusten dio. Sei partida jokatu ditu jada, eta oraindik ez du bakar bat ere galdu: hiru irabazi ditu, etxean jokatutako hirurak, eta beste horrenbeste berdindu, etxetik kanpo jokatutakoak. Gaur lortu du azken puntua, Butarquen, Leganesekin bana berdinduta. Horri esker, hamabi puntu ditu, eta sailkapeneko goiko postuetan jarraitzen du.

Itxuraldatuta ekin dio Athleticek partidari, Alavesen aurkako partidarekin alderatuta, bost aldaketa egin baititu Gaizka Garitanok: Herrerin, Unai Nuñez, Beñat, Cordoba eta Larrazabal aritu dira Unai Simon, Yeray, Unai Lopez, Muniain eta Ibairen ordez. Ia hamaikako erdia aldatu izanagatik, sendotasunari eutsi dio talde zuri-gorriak lehen zatian. Nagusi, hala ere, Leganes izan da, etxeko taldeak izan baititu aukera bakarrak, bat oso garbia, En-Nesyrik lehen zatia amaitzear zela, baina Herrerinek geldiketa ona egin du.

Lehen zatiak falta izan zuen erritmoa izan du bigarren zatiak. Leganesek indartsu ekin dio, eta hiru aukera izan ditu gola sartzeko. Nagusi ziren etxekoak, eta sufritzen ari zen Athletic. Baina 56. minutuan, jokaldi bakartu batean Unai Bustintzak penaltia egin dio area barruan Gaizka Larrazabali. Raul Garciak bota du, eta ez du huts egin. Lau gol daramatza sei partidatan.

Zuri-gorrien, pozak, ordea gutxi iraun du, hiru minutu eskas. Izan ere, Leganesek baloia zelai erditik atera eta Beñat Etxebarriak falta egin du Athleticen arearen ertzean. Oscar Rodriguezek bota du falta, bikain bota ere, banakoa lortu baitu.

Azken ordu erdian bi taldeak saiatu dira bigarren gola sartzen. Garitanok Ibai Gomez zelairatu du —Iker Muniainek Iñigo Cordoba ordezkatu du atsedenalditik bueltan—, baina alferrik. Ez Leganesek, ez Athleticek ez dute aukera garbirik izan garaipenaren gola sartzeko. Azkenean, banakoa Butarquen. Athleticek galdu gabe jarraitzen du. Larunbatean jokatuko du hurrengo partida, 13:00etan, San Mamesen, Valentziaren aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.