AEB

Trumpek Biden eta haren semea ikertzeko eskatu zion Ukrainiako presidenteari

AEBetako eta Ukrainiako presidenteen arteko telefono deiaren transkripzioak jasotzen duenez, Trumpek behin baino gehiagotan eskatu zion Joe Biden eta Hunter Biden ikertzeko. Trumpek adierazi du hura kargugabetu ala ez erabakitzeko prozesua "sorgin ehiza" dela.

Donald Trump AEBetako presidentea, atzo, NBEren New Yorkeko egoitzan, hedabideen aurreko agerraldian. JASON SZENES, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko irailaren 26a
10:27
Entzun

Donald Trump AEBetako presidentearen esanetan, "elkarrizketa ederra" izan zen joan den uztailaren 25ean Volodimir Zelenski Ukrainiako presidentearekin izan zuena. Aldiz, elkarrizketa horrek lurrikara politikoa eragin du AEBetan, agerian uzten baitu Trumpek Joe Biden demokrata —hurrengo hauteskundeetan Trumpen aurkari nagusi izan daitekeena— ikertzeko eskatu ziola Zelenskiri. Buruzagi demokrataren seme Hunter Biden ere ikertzeko eskatu zion, Ukrainian zituen negozioengatik. Elkarrizketaren transkripzioak jasotzen duenez, Trumpek behin baino gehiagotan eskatu zion Ukrainiako presidenteari ikerketa abiatzeko. Horretarako, AEBetako fiskal nagusi William Barren eta presidentearen abokatu pertsonal Rudy Giulianiren deiak jasoko zituela ere adierazi zion Zelenskiri.

"Asko hitz egiten ari da Bidenen semeaz, Ukrainian negozioak zituela bere aita, Joe Biden demokrata, Barackekin [Obamarekin] presidenteorde zen bitartean, Bidenek ikerketa geldiarazi zuela eta jende askok jakin nahi du horren inguruan. Beraz, [AEBetako] fiskal nagusiarekin egin dezakezuna ederki egongo da. Biden harro esaten aritu da ikerketa geldiarazi zuela. Beraz, hori begiratu badezakezu... Ikaragarria iruditzen zait", adierazi zuen Trumpek elkarrizketan. "Giulianik zu deitzeaz arduratuko naiz, baita fiskal nagusiak deitzeaz ere eta auzi hau argituko dugu. Ziur naiz konponduko duzula". Segidan gaineratu zuen: "Zuen ekonomia nik iragarritakoa baino hobe joango da".

Trumpek Crowdstrike enpresa ikertzeko ere eskatu zion Ukrainiako presidenteari. Crowdstrike izan zen Alderdi Demokrataren posta lapurreta ikertu zuen enpresa. 2016ko udan izan zen lapurreta eta Crowdstrike enpresak Errusia jo zuen erantzule.

Elkarrizketaren transkripzioaren edukia publiko egin ondorengo albisteek NBE Nazio Batuen Erakundearen batzar orokorrean harrapatu dute Trump. Bere kontrako akusazioak "sorgin ehiza" direla salatu du, eta Zelenskirekin izan zuen elkarrizketa "perfektua" eta "ederra" izan zela adierazi du."Sorgin ehizarekin jarraitzen dute, baina oso gaizki aterako zaie, informazioa aztertutakoan adarjotzea dela ikusten baita. Impeachment bat horrengatik? Bilera eder bat izateagatik? Elkarrizketa eder bat?".

Argitzeko dago Trumpek diru laguntzak erabili ote zituen Ukrainia presionatzeko. Bi presidenteen arteko elkarrizketa izan zenean, AEBek 391 milioi dolar zituen atxikita, eta diru laguntza hori irailean eman zion Ukrainiari. Elkarrizketan, Trumpek ez zion aipamen zuzenik egiten diru laguntza horri. Aldiz, solasaldiaren hasieran nabarmendu zuen AEBek Ukrainian "inbertitutako ahalegina eta denbora". Trumpen esanetan, "AEBak oso oso onak izan dira Ukrainiarekin". "Ez dut esango [jarrera hori] elkarrekikoa denik, gertatzen ari diren gauzak ez baitira onak".

AEBetako Justizia Departamenduak, bestalde, ukatu egin du fiskal nagusia Zelenskirekin harremanetan jarri zenik, Joe Biden eta Hunt Biden ikertu ditzala eskatzeko.

Trumpen eta Zelenskiren arteko solasaldia AEBetako presidentearen kontrako impeachment prozesuaren argudio nagusietako bat izango da, baita 2020ko hauteskundeetarako gai nagusietako bat ere.

AEBetako Alderdi Demokratak atzo hasi zuen ofizialki Donald Trump presidentea kargugabetzeari buruz erabakitzeko prozesua. Kongresuko bi ganberen gehiengoak eman behar dio oniritzia kargugabetzeari, baina ez da espero hori gertatuko denik, errepublikanoek gehiengoa baitute Senatuan. Hauteskundeetarako urtebete baino gehiago falta dela, garrantzitsuena izanen da prozesuaren ondoren AEBetako herritarren artean zein iritzi gailenduko den: demokratek ongi jokatu dutela, eta errepublikanoek, ordea, gaizki, Trump babestuta; edo presidentea boteretik kentzeko maniobra baten biktima izan dela.
 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.