Donostiako 67. Zinemaldia

Cruz: "Egoak ezin du iritzirik eman aktore baten lanean"

Gaur iluntzean jasoko du Penelope Cruz aktoreak Donostiako 67. Zinemaldiko hirugarren eta azken Donostia saria. Horren ostean, Olivier Assayasen Wasp Network filma emango dute, Kubako Gobernuaren aurkako espioi sare baten inguruko thrillerra. Cruzek espioi horietako baten emaztearen rola betetzen du.

Penelope Cruz zaleekin argazkiak egiten, gaur goizean, Donostiako Zinemaldiko alfonbra gorrian. GORKA RUBIO / FOKU
Andoni Imaz.
2019ko irailaren 27a
19:31
Entzun

Donostia saria inoiz jaso duen aktore gazteenetako bat da Penelope Cruz (Alcobendas, Espainia, 1974). 14 bat urterekin erabaki zuen aktore izatea, eta "gizakiaren konplexutasunarekin" lan egitearen "lilurak" proiektu berriei heltzeko gogoa pizten dio oraindik, haren hitzetan. 60 pelikula baino gehiagotan egin du lan: Jamón, jamón (1992) eta Belle Époque (1992) filmekin egin zen ezagun, lanean hasi orduko. Mende hasieran eman zuen nazioartera jauzia, eta ekoizpen handi ugaritan aritu da ordutik, nahiz eta Espainian lan egiten jarraitu duen. Oscar saria ere irabazi zuen Woody Allenen Vicky, Cristina, Barcelona filmarekin (2008). Veneziako Zinemaldian aurkeztu ondoren, Donostiakora ekarri du azken lana: Olivier Assayasen Wasp Network.

Cruzek esan du txikia zenean bakarrik jolastu ohi zuela, antzezten: "Pertsonaia asko izateko aukera nuen aldi berean, eta askatasun handia sentitzen nuen horrela". Barrura begiratu eta bere burua ezagutzeko balio izan dio zinemak, "gizakia bera" hobeto ulertzeko. "Egoak ezin du iritzirik eman aktore baten lanean: enpatia lantzen duzu, bestela harekin kafe bat ere hartuko ez zenukeen pertsona bat benetan ulertzeraino". Aktore izateaz gain, ballet dantzaria ere izan zen hamazazpi urtez, eta diziplina "ia militarra" eman zion horrek.

"Lan gogorra dago sari honen atzean, eta zorionekoa naiz lan hori egiteko aukera izan dudalako", esan du. Gogoratu du zer sentitu zuen film handi baten filmaketan lehen aldiz parte hartu zuenean. Jamón, jamón-en azken egunean, hondoa jo zuen: "Pentsatu nuen: 'Eta lehenengoa eta azkena bada, zer?'. Sentitu nuen hor egon nahi nuela: esperientzia hori errepikatu nahi nuen".

Donostia saria emateko asmoa adierazi ziotenean, horretarako goizegi ote zen pentsatu zuen. Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak deitu zion berria emateko: "Galdetu nion ea ziur zegoen, ea ez zuen pixka bat atzeratu nahi. Konturatu nintzen [Pedro] Almodovarren pertsonaia bat bezalakoa naizela, berehala pentsatu bainuen: 'Ez ote zait ezer txarrik pasatuko!'".

Almodovar zinemagile berezia izan da Cruzen ibilbidean. Iaz, Dolor y gloria filma egin zuten elkarrekin, baina askotan egin izan du lan harekin (Carne trémula, 1997; Volver, 2006; Los abrazos rotos, 2009; Los amantes pasajeros, 2013...). "Pedrorekin lotura berezia dut ezagutu nuen egunetik, gero eta bereziagoa, gainera. Gogoa irakurtzen diogu elkarri, ezin dugu elkar engainatu, eta filmaketetan onura asko ditu horrek".

1990eko hamarkadan hasi zuen Cruzek aktore ibilbidea, eta  Espainiako hainbat ekoizpenetan egin zuen lan hamarkada horretan, Fernando Colomo (Alegre ma non troppo, 1994; El efecto mariposa, 1995) eta Alvaro Fernandez Armero (Todo es mentira, 1994; Brujas, 1996) zuzendariekin, batez ere.

Almodovarrekin egindako pelikula batekin jauzi nabarmena egin zuen, ordea: 2000. urtean, Todo sobre mi madre pelikulak atzerriko film onenaren Oscar saria irabazi zuen. Orduan hasi zen aktorea AEBetan lan egiten. Oso denbora gutxian, izar artean egotera heldu zen: ia aldi berean filmatu zituen Matt Damonekin All the Pretty Horses (Billy Bob Thornton), Nicolas Cagerekin Captain Corelli's Mandolin (John Madden), eta Tom Cruiserekin Vanilla Sky (Cameron Crowe). Aktore ibilbidean, gaztelaniaz, ingelesez, italieraz eta frantsesez aritu izan da lanean.

2009. urtean, Oscar saria jaso zuen lehen emakumezko aktore espainiarra izan zen. Halere, aipatu du berak zuzendaria izan nahi zuela. Aspaldi adierazi zion horretarako asmoa Almodovarri, eta hark lehenbailehen egin zezan eskatu zion. "Azkenean, ez dut astirik izan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.