Sindikalgintza

Ehunka lagunek babestu dute Imanol Salinas, borroka sindikalaren aldeko martxan

LABek deituta, manifestazioa egin dute Iruñean, Borroka sindikala aurrera. Imanol libre eta gurekin lelopean. San Giovesa jatetxeko lan gatazkagatik 21 hilabeteko espetxera zigortu zuten Imanol Salinas, eta edozein unetan berretsi dezakete erabakia.

Imanol Salinasen eta Jose Javier Osesen aurkako zigorrak salatzeko manifestazioa, gaur, Iruñean. IñIGO URIZ / FOKU
Hodei Iruretagoiena.
2019ko irailaren 28a
08:07
Entzun

Ehunka lagun atera dira kalera Iruñean, Imanol Salinas LABeko kideari eta beste sindikalista bati babesa agertzeko. Izan ere, edozein unetan berretsi dezakete epaileek Salinas 21 hilabetez espetxeratzeko sententzia. Zigor hori jarri zioten Iruñeko San Giovesa jatetxearen aurrean egindako protestengatik, eta erabakia berretsiko balute, espetxera sartu beharko luke. Hala ohartarazi du LAB sindikatuak gaur ere, Borroka sindikala aurrera. Imanol libre eta gurekin lelopean egindako manifestazioan.

Salinas ez ezik, Jose Javier Oses Tafalla aldeko LABeko kidea ere auzipetuta dago: Huerta de Peraltaren lan gatazkan enpresaren sarrera oztopatzea egotzita, urtebeteko zigorra eskatu zuten haren aurka. Bi sindikalistek argi adierazi zuten desobedientzia jarrera hartuko dutela auzi judizialen aurka: "Justiziarik ezaren aurrean desobedientzia zilegi da. Ez da bidezkoa lantokietan irabazitako borrokak epaitegietara eramatea". Salinas ez da espetxera agertuko, eta Oses ere ez urriaren 10ean bere aurka egingo den epaiketara.

Auzi horien harira, borroka sindikalaren aldeko kanpainan aritu dira LAB sindikatuko kideak azkenaldian, bozgorailu bat sinbolotzat hartuta. Hain zuzen, horietako batekin aritu zen Salinas San Giovesa jatetxeko protestan, eta gaurko mobilizazioan ere erakutsi dituzte bozgorailuak manifestazio buruan. Autobus geltoki zaharretik hasi, eta Sarasate pasealekuan amaitu da mobiliazioa, ekitaldi batekin. Ez gaituzue geldituko eta Langileak babesten jarraituko dugu leloak ere erakutsi dituzte martxan zehar.

Martxaren amaierako ekitaldian, Imanol Karrera bozeramaileak salatu du "lotsagarria" dela Salinas espetxeratzea "bozgorailu batekin lan protesta batean parte hartzeagatik. Ez dugu absoluzioa baino onartuko". Sindikalismoan jarraituko dutela ziurtatu dute LABeko kideek: "Sindikatuak argi adierazi nahi du prekaritatea, esplotazioa eta injustizia dagoen toki orotan izaten jarraituko duela".

Imanol Salinas: «Gatazkak handituz doaz, eta sindikalisten lana zigortu nahi dute»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.