Arregi, Goenaga eta Garaño

"Indartuta atera da 'La trinchera infinita' Zinemalditik"

Gidoi hoberenaren sariaz eta zuzendari onenarenaz gain, Irizar eta Feroz sariak eta Fipresci saria ere jaso ditu Arregi, Garaño eta Goenagaren lanak. Haiekin hitz egiteko aukera izan du BERRIAk sari banaketaren biharamunean. 

Garaño, Goenaga eta Arregi, artxiboko argazki batean. JAVIER ETXEZARRETA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko irailaren 30a
11:16
Entzun

Larunbat gauean ordu bakarrean 200 zorion mezu inguru jaso zituzten Aitor Arregik, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak euren sakelakoetan. Segur aski, geroztik beste hainbeste edo gehiago ere jasoko zituzten, eta ez da gutxiagorako; izan ere, gidoi onenaren eta zuzendari hoberenaren sariez gain, Irizar saria eta Fipresci saria ere jaso ditu La trinchera infinita filmak. Urrezko maskorra eskura izan zuen, baina Pacificado filmarentzat izan zen azkenean. 

Sari banaketaren biharamunean hartu dio telefonoa Garañok berak BERRIAri, gosaldu berritan, eta elkarrizketa hasterako han agertu dira Arregi eta Goenaga ere, txandaka, kazetariaren galderei erantzuteko prest. Ahotsean ere nabari zitzaien oraindik irribarrea aurpegian zutela. "Filma indartuta atera da Zinemalditik. Harrera izugarria egin diote, eta jendeak kalean ere maiz gelditu gaitu zoriontzeko. Hori zen gure nahia, jendeari gustatzea, eta lortu dugu", aitortu du Arregik, pozik. 

Sariak banatu baino lehen jakin zuten Urrezko Maskorra norentzat izango zen. "Penaz hartu genuen albistea", onartu du Garañok, baina gutxi iraun zien atsekabeak: "Ez dago atzera-bueltarik, eta, gainera, ez dugu ahaztu behar akumulazio faktorea. Irizar saria, zuzendari eta gidoi onenarenak eta nazioarteko prentsak ematen duena ere jaso ditugu, eta hori handia da". 

Sariak sari, ikusleek egindako harrerari eman dio garrantzia Goenagak: "Interesa piztea, hori da sustapenerako daukagun makinarik handiena". Horretarako, azken urteetan egindako lanek ere izan dute eraginik; hala onartu du Garañok: "Aurrez egindako lanak jendearen gustukoak direnean, errazagoa da beste batzuk egitea. Loreak-i esker, lehen aldiz, beste batzuk izan ziren gure atea jotzera etorri zirenak". 

Izandako harrera onaren atzean, baina, lan gogor asko dago. Handia eta La trinchera infinita ez dira nolanahiko filmak izan produkzio aldetik. "Askotan esan ohi da aktore eta lokalizazio gutxi daudenean produkzioa errazagoa dela, baina kasu honetan ikusi dugu ez dela beti hala gertatzen", aitortu du Garañok. 

Estreinaldiak

Zinemaldia amaituta ere, lasaitzeko tarte gutxi izango dute Moriartikoek. Filma zinemetara urriaren 31n iritsiko da, baina, aurrez, Bilbon eta Iruñean ere emango dute, Golem zinemetan. "Zinemaldiaren jarraipen moduko bat da. Jaialdian parte hartu duten bost pelikula aukeratzen dituzte Golemeko aretoetan emateko, eta horietako bat izango da La trinchera infinita", azaldu du Arregik. 

Beraz, urriaren amaierara arte itxaron nahi ez duenak bihar Bilbon eta asteazkenean Iruñean izango du Moriartikoen lan berria ikusteko aukera. Bideoa: Garaño, Arregi eta Goenaga elkarrizketatzen, Zurriolako Butaka saioan.

[YouTube]https://youtu.be/S_bwQPpDlNg[/YouTube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.