Artea

Thomas Struthen begirada, Bilbon

Argazkilari alemaniarraren 116 lanetik gora biltzen dituen erakusketa ireki du Bilboko Guggenheim museoak. Haren pieza ezagunenekin batera, haren tailerreko oharrak eta zirriborroak ere jarri dituzte ikusgai

Thomas Struth argazkilaria bere lanetariko baten aurrean, Bilbok Guggenheim museoan. MONIKA DEL VALLE/ FOKU
Inigo Astiz
2019ko urriaren 1a
16:19
Entzun

Atzera begirakoa esan ohi diegu halakoei”, aitortu du Thomas Struth artistak (Geldern, Alemania, 1954). Ezinbestean. Argazkilariaren bost hamarkadako ibilbidea erakusten duen erakusketa zabaldu du Bilboko Guggenheim museoak: 114 argazki eta bi bideo, 70eko hamarkadako lehen lanetatik hasi, eta azken urteetan egindako piezarik berrietaraino, eta, beraz, ezin ebidentzia ukatu. Artista ez da guztiz eroso sentitzen definizio horretan, ordea, eta berehala gehitu du oharra horregatik. “Niretzat ez da erabat hala, lanik zaharrenek ere lotura dutelako egungo munduarekin”. Lantzen dituen gaiak “itsatsi” egiten zaizkiola dio, eta luze eramaten dituela gainean. Eta kronologikoki aurkeztu beharrean, atzera-aurrerako jauziekin antolatu dute erakusketa horregatik. Lan metodo horrek bilakatu du II. Mundu Gerraz geroztiko argazkilari europar esanguratsuenetako bat, eta, haren lan ikonikoekin batera, sortzailearen tailerra erakusten duten 400 artxibo ere jarri dituzte ikusgai museoan. 2020ko urtarrilaren 19ra arte egongo da irekita.

Ezagunak dira Struthen lanak arte esparruan. Bereziki estimatuak dira 80ko hamarkada amaieran hasitako museoetan egindako argazkiak, esaterako. Eta pieza horietako batzuk biltzen ditu erakusketak. Jendea Berlingo Pergamo museoko eskaileretan eserita; eskolako soinekoz jantzitako neskatxak Diego Velazquez margolariaren Menina ezagunen alboan; publikoa multzoka, Theodore Gericault artistaren Medusa baltsaren irudi dramatikoari begira... Txalotu egin dizkio lan horiek kritikak, baina hor dator artistaren baina. “Bitxia da. Hauek dira arte merkatuan hobekien mugitu diren nire piezak, baina gainditutako bide bat”.

Baina badira oraindik irekita sentitzen dituen bideak.

Bederatzi mugimendu

Musikagintzaren hiztegia darabil argazkilariak erakusketa deskribatzeko, bere ustez “bederatzi mugimendu” dituelako Bilboko bildumak. Museoei eskainitakoa da "mugimendu" horietako bat, baina badira beste zortzi: familia erretratuei eskainitakoa, hirigintza eta arkitektura ardatz dutenak, oihanetan ateratako Paradisua izeneko argazki multzoa, tresneria zientifikoari egindako erretratu sorta, ospitaleko gaixoentzako egindako irudi seriea, Palestinako gatazka erakusten duten erretratuak, jolas parke artifizialetan ateratakoak eta, azken-azkena, Berlingo zooan hildako animaliena.

Begirada da lan guztien sakoneko gaia, halere. “Giza begiradarekin zuzeneko lotura dauka argazkigintzak. Erakusten du zerbait, baina erakusten du ere norbaitek nola begiratzen dion zerbait horri”. Eta hori da klabea, Struthen hitzetan.

Artistak oraindik ere martxan du hildako animaliei eskainitako lana, esaterako. “Zoologikotik deia jasotzen dut tarteka, esanez Jaguar beltz bat daukatela, eta joateko argazkia ateratzera”. Heriotza naturala izan dute serie horretako animalia guztiek, eta haien habitat artifiziala hobetzen laguntzeko hartzen dizkiete laginak zooko langileek. Bisekzioarekin hasi aurretik jasotzen du, ordea, haien deia Struthek, eta orduan ateratzen die argazkia. Bare ikusten dira animaliak. Eder eta dotore. Baina, artistak esan duenez, ezinbestean, norbere heriotzari buruz hausnartzera darama bisitaria irudi horietako bakoitzak.

Pintura baztertu ostekoak

“Utzi egin nuen pintura”. Argi identifikatua du argazkigintzara eraman zuen bidegurutzea Struthek. Pintura ikasiz hasi zuen ibilbidea Dusseldorfeko Arte Ederren Akademian, baina berehala igarri zuen norabidea aldatzeko beharra. “Jadanik ez nekien zer gehiago egin pinturan; pinturaren historia burutu samar zegoen niretzat, eta ez nuen ikusten egiteko askorik. Gainera, esparru nahiko pribatua zen, eta niri publikoarekin harreman zuzenagoa edukitzea interesatzen zitzaidan”. Eta, hain zuzen ere, momentu horren lekukotza ematen dute erakusketan bildu dituzten artistaren tailerreko zirriborroek.

Kronologikoki antolatu dituzte artistaren lan material horiek, eta margolanak dira nagusi horregatik 70eko hamarkadari eskainitako atalean. Kolore bakarreko giza figurak dira gehienak, eta artistak horiz koloreztatutako argazkiak ikusten dira haien ondoan. Elkarrekin doaz margolanak eta argazkiak tarte batez, hasierako sasoi horretan, baina desagertu egiten da pintura berehala, eta argazkiek hartzen dute erabateko protagonismoa ondoren. Disko azalak, liburuak, eta argazkiak prestatzeko egindako testu eta irudi zirriborroak ere ikusi daitezke hormetan. Artistaren lan egiteko moduaren “bisekzio bat” dela adierazi du Lucia Agirre komisarioak.

Opari historikoa

Baina historiak ere badu bere pisua. Struth: “Eskerrak jadanik ez naizen ikaslea; ez nuke jakingo orain zer egin”. Oraindik ere esperimentazio esparru zabala zen argazkigintza berak bide hori hautatu zuenean; oraindik ere sortu gabe zeuden egungo sare sozialak, eta jendeak ez zuen ohiturarik argazki makina etengabe gainean eramateko. Gainera, ez zen bera pinturaren bidea agortu antza sentitzen zuen bakarra, eta, horregatik, sasoi hartan asko izan ziren berak egindako bide bera egin zuten sortzaileak. “Opari historiko bat da”, laburbildu du. “Aingura baten pare sentitzen naiz orain”.

Aurrez ere egin dituzte argazkigintza erakusketak Bilboko Guggenheim museoan, baina sekula ez Struthi eskainitakoaren pareko atzera begirako indibidualik. Munichen egon da aurrez bilduma, 2017an, eta hango museoarekin elkarlanean antolatu dute Bilboko atzera begirakoa. Alemanian baino lan gehiago biltzen ditu Bilbokoak, ordea. “Oso bidaia osoa eskaintzen du”, nabarmendu du Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak.

Bilboko eraikinaren aurka borrokan aritu behar izan duela onartu du Struthek, halere. Proposamena jaso, Guggenheimera bisita egin, eta dena uzteko zorian egon zela esan du. “Lehen kolpean pentsatu nuen bertan behera utzi behar nuela erakusketa, espazioa oso handia zelako”. Frank Ghery arkitektuak sortutako formek gain egin ziotela aitortu du. Izan ere, “oso probokatzailea” da eraikina, Struthen hitzetan, eta lanak izan ditu argazkiak haren formetara egokitzeko. Azkenean, ordea, pozik geratu da emaitzarekin.

Icebergaren alde ezkutua

Argazkien sakontasuna eta dotorezia nabarmendu ditu Thomas Weski komisarioak. Urte eta erdi eman zuen artistaren lan guztiak arakatzen, eta harekin elkarlanean egin zituen hautaketa lanak, Municherako lehenik eta Bilborako orain. Aski ongi ezagutzen du horregatik Struthen lan egiteko modua, eta irudiak eraikitzeko duen modua da giltza, haren ustez. “Ikusgarria da zenbat prestaketa eta ikerketa lan ikusezin dagoen argazki hauen atzean. Icebergaren punta ikustera ohituta gaude normalean, baina, oraingoan, haren azpiko partearen zati bat ere ikusteko aukera daukagu”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.