Epaia

Bederatzi eta hamahiru urte arteko espetxe zigorrak, "sedizioagatik"

Espainiako Auzitegi Gorenak bederatzi eta hamahiru urte arteko zigorrak ezarri dizkie Junqueras, Romeva, Forn, Turull, Rull, Bassa, Forcadell, Sanchez eta Cuixarti. Matxinada delitua baztertu egin du, eta Estatuaren Abokatuaren zigor eskaerak hartu ditu aintzat.

Igor Susaeta -

2019ko urriak 14

Espainiako Auzitegi Gorenak espetxe zigorra ezarri die Kataluniako 2017ko urriaren 1eko erreferendumagatik epaitu dituen bederatzi buruzagi independentistari. Behin-behinean espetxean zeudenak dira kartzelara zigortu dituenak. Beste hiru, berriz, desobedientziagatik zigortu dituzte, eta, beraz, ez dira espetxera joango. Preso daudenek zein gradutan egon behar duten erabakitzeko bi hilabeteko epea du Espetxe Zuzendaritzak.

Matxinada baztertu, eta sedizio delituagatik zigortu ditu Auzitegi Gorenak bederatzi horiek. Zigor handienak Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetuari eta Generalitateko kontseilari zirenei ezarri dizkie. Espetxe zigorrarekin batera, inhabilitazioak ere ezarri ditu, eta diru publikoaren erabilera bidegabearengatik ere zigortu ditu Junqueras, Raul Romeva, Dolors Bassa, Jordi Turull, Jordi Sanchez, Jordi Cuixart eta Carme Forcadell. Bideoa: Gurutze Izagirre eta Jon Olano BERRIAko kazetariak, Bartzelonatik (Lara Madinabeitia, BerriaTB).

Fiskaltzak eskatua zuen akusatuei hirugarren gradurik ez ezartzeko zigorraren erdia betea izan arte, baina Gorenak atzera bota du fiskalaren eskaera, eta ez du halako baldintzarik jaso ebazpenean. Beraz, zigorraren laurdena betetakoan atera ahal izango dira kalera. Epaitegiak zehazten du hark ezin dituela aurrez debekatu espetxe zaintzak har ditzakeen erabakiak, baina ohartarazten du, halaber, berea izango dela azken hitza espetxe onurei dagokienez.

Haserrea eragin du epaiak Kataluniako buruzagi independendisten artean. Carles Puigdemont presidente ohiak elkartasuna helarazi die espetxeratuei eta haien senideei, eta "astakeriatzat" jo du ebazpena. "Erreakzionatzeko garaia da, inoiz baino gehiago. Gure seme-alaben etorkizunaren alde. Demokraziaren alde. Europaren alde. Kataluniaren alde". Jada abiatu dituzte protestak Katalunian, eta hainbat deialdi egin dituzte Euskal Herrian ere.

Hauek dira sedizioagatik zigortuak:

Oriol Junqueras: Generalitateko presidenteorde zenari 13 urteko espetxe zigorra eta 13 urteko inhabilitazioa ezarri dio.

Raul Romeva: Atzerri kontseilariari, 12 urteko zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa.

Joaquin Forn: Barne kontseilariari, 10 urte eta erdiko zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa.

Jordi Turull: Presidentetza kontseilariari, 12 urteko zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa.

Josep Rull: Lurralde Antolaketako kontseilariari, 10 urte eta erdiko zigorra eta 10 urte eta erdiko inhabilitazioa.

Dolors Bassa: Lan eta Gizarte Gaietarako kontseilariari, 12 urteko zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa.

Carme Forcadell: parlamentuko presidenteari, 11 urte eta erdiko zigorra eta 11 urte eta erdiko inhabilitazioa.

Jordi Sanchez: ANCko presidenteari, 9 urteko zigorra eta 9 urteko inhabilitazioa.

Jordi Cuixart: Omniumeko presidente zenari, 9 urteko zigorra eta 9 urteko inhabilitazioa.

Hona desobedientziagatik zigortu dituztenak:

Santi Vila, Kultura kontseilari ohia.

Carles Mundo, Justizia kontseilaria.

Meritxell Borras, Gobernazio, Administrazio Publiko eta Etxebizitza kontseilaria.

Hiru horiei 60.000 euroko isun ekonomikoa eta urtebete eta zortzi hilabeteko inhabilitazioa ezarri diete zigor gisa.

Epaia iritsi den egunean, alderdi subiranistek oraindik ez dute bateratu horri erantzuteko eta prozesuarekin aurrera jarraitzeko estrategiarik. Halere, nabarmendu izan dute behar-beharrezkoa dela hori. JxC Junts Per Catalunya eta ERC Esquerra Republicana bi indar independentista nagusien esanetan, Espainiako Estatuak azkeneko bi urteotan Katalunian ezarritako errepresioa izan da adostasun falta horren eragile nagusia. Epaiketak, auzipetzeak, jazarpena, kartzelatzeak, erbestea... Dena den, ukaezina da interes alderdikoiek eta ezinikusi ia-ia betierekoek ez dutela batere lagundu batasun hori mamitzeko eta nolabaiteko bide orri berri bat ezartzeko orduan. Datu bat: azkeneko 22 hilabeteotan lau hauteskunde deialdi izan dira Espainiako Estatuan.

Ikusita Espainiako Gobernuak ez duela asmorik, inondik ere, autodeterminazio eskubidea mahai gainean jartzeko eta erreferendum adostu bat negoziatzeko, Quim Torra Generalitateko presidenteak eta Carles Puigdemont presidente ohi erbesteratuak adierazi izan dute Espainiako Estatuarekin “demokratikoki eta modu baketsuan konfrontatzea” dela independentziaranzko bidean aurrera egin ahal izateko modu bakarra, baina ez dute zehaztu hori nola egin.

ERCk, berriz, bide pragmatikoagoa hartu zuen 2017ko azaroan, errepresioa bete-betean nozitu zutenean, eta Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak egitea sententziari erantzuteko modu bat izan zitekeela plazaratu izan du azken hilabeteetan, nahiz indar apur bat galdu duen mezu horrek —Torrak du parlamentua desegin eta bozetara deitzeko eskumena, eta ez du, oraingoz, horretarako asmorik—.

Boz aurreratu batzuetan —2017ko abenduaren 21ean egin zituzten azkenekoak, Madrilek inposatuta—, subiranismoan hegemonia nork duen egongo litzateke jokoan; hori, batetik. Eta, bestetik, ERCkoentzat ezinbestekoa da boto subiranistak aurrenekoz %50eko langa gainditzea legebiltzarrerako hauteskundeetan, independentismoak legitimitate handiagoa edukitze aldera, “ikus dadin proiektu independentista proiektu irabazlea dela”, alderdiko goi agintari batek joan den abuztuan BERRIAri adierazi zion moduan.

"Terrorismoa" eta ebazpenak

Bien bitartean, Espainiako Estatuak bide errepresiboari eutsi dio. Joan den irailaren 23an CDR Errepublikaren defentsarako batzordeetako bederatzi kide atxilotu zituen Guardia Zibilak Katalunian, Auzitegi Nazionalaren aginduz. Horietako zazpiri “talde terroristako” kide izatea egotzi die Manuel Garcia Castellon epaileak, argudiatuta sententziaren ondoren hondamena sortzea zutela helburu, eta lehergaiak zituztela.

Auzia sekretupean egonagatik, Judas operazioarekin loturiko ustezko hainbat informazio argitaratu dituzte zenbait hedabidek. Roger Torrentek irailaren 30ean azpimarratu zuenez, “xelebreak” dira ikerketari buruzko filtrazioak. “Kasu honetan egin dezakegun gauzarik zuhurrena da operazioa zalantzan jartzea, gutxienez”, adierazi zuen.

Operazioa gertatu zen astean bertan, politika orokorreko osoko bilkura egin zuten parlamentuan, eta ganberak onartutako bost ebazpenetako hiru “eraso” gisa interpretatu zituen Espainiako Gobernuak. Ebazpenetako baten arabera, «desobedientzia zibilak» badu legitimitatea, «Espainiako instituzioen inposaketa antidemokratikoei aurre egiteko tresna» gisa. Beste batek erdigunean jartzen ditu «amnistia eta autodeterminazio eskubidea», buruzagi subiranisten kontrako epaiketaren epaiari erantzuteko orduan. Eta hirugarren batek eskatzen du Guardia Zibilak Kataluniatik alde egiteko. Ebazpenek ez dute zehazten, ordea, ez nola desobeditu, ez nola gauzatu autodeterminazio eskubidea, ez noiz eta zer bidetatik eskatu preso daudenen amnistia. Ebazpen horiei Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarriko die Moncloak.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ohartarazi zuen, gainera, estatuak “erabateko irmotasunez” erantzungo duela subiranismoak legedia “urratzen” baldin badu. Iradoki nahi izan zuen inondik inora ez duela baztertzen Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzea eta Kataluniako autogobernua berriro bertan behera uztea, Mariano Rajoyk 2017ko urrian egin zuen bezala. Sanchezek “biolentzia” salatzeko eskatu zion Torrari —Generalitateak eta alderdi subiranistek auzitan jarri zuten CDRen aurkako operazioa—, eta JxCk erantzun zion estatuak erabiltzen duela “indarkeria”.

Desobedientzia

Indar subiranistek aipatu zuten Diadako mobilizazioak behar zuela izan, joan den irailaren 11n, aurreneko “mugarria” sententziari erantzuteko orduan. Kaleak betetzeko eskatu zieten herritarrei. Eta aurtengoa ere, aurreko zazpiak bezala, arrakastatsua izan zen, nahiz eta jende gutxiago bildu zuen. Dela prozesuak sortutako higaduragatik, dela mobilizazioaren ereduagatik beragatik, dela ia beti Bartzelonan egiten dutelako... Ezin da zalantzan jarri, ordea, independentismoak mobilizatzeko duen gaitasuna. 600.000 pertsona bildu zituen elkarretaratze-manifestazioak; apenas egiten den munduan hainbeste jende biltzen duenik.

ANC Biltzar Nazional Katalanak antolatu zuen, eta biltzarrak eskatu zien alderdiei independentzia, helburu hori, erdigunean jartzeko, eta batasun estrategikoa mamitzeko. Elisenda Paluzie biltzarreko presidenteak BERRIAri adierazi zionez, indarkeriarik gabeko borrokaren testuinguru batean estatua higatzeko estrategia bat hasi du elkarte zibil independentistak. Diada baino pare bat aste lehenago plazaratutako Tsunami Demokratikoa dinamika zibilak ere desobedientzia ekintzak proposatzen ditu —alderdi independentistek guztiz onetsitako dinamika da—, eta iraileko azken astean zenbait ekintza egin zituen; esaterako, eserialdi bat banku baten sukurtsalean.

Epaituak izateko prest

Buruzagi subiranisten kontrako epaiketaren epaia iritsi da, baina auzi judizial gehiago daude irekita prozesu subiranista dela eta. Esaterako, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian epaituko dute Torra aste batzuk barru, azaroaren 18an. Desobedientzia leporatzen diote, joan den martxoan ez zituelako Espainiako Hauteskunde Batzordeak eskatutakoan kendu presoei eta erbesteratuei erreferentzia egiten dieten sinboloak Generalitatearen eraikinetatik. 20 hilabetez inhabilitatua izan dadila eskatzen du fiskaltzak.

Eta 2017an Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kide zirenen eta Mireia Boya CUPeko diputatu ohiaren aurkako epaiketa egun bat geroago hasiko da auzitegi berean. Horiei ere desobedientzia egozten diete.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna