Kontziliazioa

Haurrak haurtzaindegira eramaten dituztenek ezingo dute hartu 16 asteko gurasotasun baimena

Eusko Jaurlaritzak hainbat baldintza jarri ditu kontziliaziorako laguntzak arautzeko dekretuan. Etxeko langileak ere ezingo dituzte kontratatu.

jarraia171974.jpg
jokin sagarzazu
2019ko urriaren 3a
19:10
Entzun

Eusko Jaurlaritzak aurki kaleratuko du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langile guztientzako hamasei asteko gurasotasun baimenak arautzen dituen dekretua, eta horrek jasoko dituen muga batzuen berri eman du: baimena eskatzen dutenek ezingo dute haurra haurtzaindegi pribatu edo publiko batera eraman, ezta etxeko langile bat kontratatu ere.

Bi baldintza horiekin "benetako kontziliazioa" bultzatu nahi dutela azaldu du Beatriz Artolazabal Lan eta Gizarte Politiketarako sailburuak. Haren esanetan, erantzukidetasuna eta haurrekiko harremana estutzea da gurasotasun baimenak luzatzearen helburua, eta horrekin bat datoz neurriok.

LAB sindikatuak, berriz, salatu du familien "erabakitzeko eskubidea" urratzen dutela, eta haur hezkuntza "zaintza zerbitzutzat" hartzea egotzi dio Jaurlaritzari. Horrekin loturik, gogoratu du "eskubide unibertsala" dela hezkuntza, eta kritikatu du gaur egun Jaurlaritzak ez duela bermatzen haur eskolak doakoa izatea. "Iruzurtzat" jo du egitasmoa.

Gaur egun, zortzi astekoak dira gurasotasun baimenak Hego Euskal Herrian, eta Espainiako Estatuak ordaintzen ditu. Dekretua onartuko balitz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beste zortzi aste hartu izango lukete gurasoek: amez gain, erditu ez diren bikotekide guztiek, guraso ez-biologikoek —adopzioen kasuetan— , guraso bakarreko familietakoek, adopzio bidezkoek edota subrogazio bidezkoek.

Umea jaiotzen denetik, hamabi hilabete izango lituzkete aipatutako baimenak hartzeko. Aipatutako baldintzez gain, beste batzuk jakinarazi dituzte: aitatasun baimenak ezingo luke bat egin amatasunarenarekin. Eta langile autonomoak behartuta egongo lirateke haurra edo haurrak zaintzen emandako denboran pertsona bat kontratatzera haien lanpostuan edota lanetan ordezko gisa aritu dadin.

Aldaketak izan ditzake oraindik Jaurlaritzaren idatziak; urriaren erdialdean onartu nahi du. Besteak beste, eta gaur jakinarazitakoarekin lotuta, Artolazabalek ez du zehaztu langile bat kontratatzeko debekua haurraren zaintza lanetarako kasuetan bakarrik ote den edota orokorrean etxeko lanetarako kontratatuko kasuetan ere ezarriko dute. Eta hamasei aste beharrean, orain arte bezala zortzi asteko baimena hartzen dutenek baldintza horiek bete behar dituzten, Espainiako araudiak ez baititu jartzen.

Madrili aurrea hartuz

Sailburuak azaldu duenez, baimenaren lehen zortzi asteak Espainiako Gizarte Segurantzak ordainduko dizkio guraso berriari —aitari zein amari—, eta gainontzeko zortziak Jaurlaritzak; langileak eszedentzia moduan hartu beharko ditu aste horiek. Artolazabalek zehaztu duenez, neurriak 25 milioi euroko kostua izango du Gasteizko gobernuarentzat 2020. urtean.

Neurriarekin, Jaurlaritzak hartu nahi dio Espainiako Gobernuari, eta bere gain hartuko du horrek dakarren kostua. Madrilek ere luzatuko ditu gurasotasun baimenak Espainiako Estatuaren menpeko lurralde guztientzat. Baina modu progresiboan egin nahi du hori. Aurtengo martxoan kaleratutako dekretu batean aurreikusi du bi urte barru hamasei astera luzatzea eskubide hori.

Langile publikoen kasuan ere egin du urratsa Jaurlaritzak. Irailetik Euskal Autonomia Erkidegoko instituzioetako funtzionarioek hemezortzi asteko baimena har dezakete aitek eta amek —orain arte amek zuten hemezortzi astekoa—. Enplegu publikoa arautzeko lege proiektutik kanpo utzi du neurria Jaurlaritzak, eta dekretu bidez onartu du; sindikatuek propagandatzat jo dute neurri hori ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.