Gomazko pilotak

Epaileak absolbitu egin du Aingeru Zudaire "itsu" uzteagatik akusatutako polizia

Epaileek diote ezin izan dutela frogatu nork egin zuen tiro. Espainiako Poliziak botatako gomazko pilota batek jo zuen 2012an, murrizketen aurkako greba batean.

Maider Galardi
2019ko urriaren 3a
18:06
Entzun

Orain zazpi urte, 2012ko irailaren 26an, Iruñea, murrizketen aurka egindako greba orokor baten manifestazio batean Espainiako Poliziaren gomazko pilota batek jo zuen Aingeru Zudaire (Atarrabia, Nafarroa, 1983). Auzia argitzeko hirutan jo du epaitegira, baina 2016ra arte kasua hirutan artxibau dute. Fermin Otamendi aritu zen epaile, eta 2014an artxibatu egin nahi izan zuen, baina Nafarroako Auzitegi Probintzialak Zudaireren helegitea onartu, eta ikerketarekin segitzeko eskatu zion Otamendi instrukzio epaileari. Gaur kaleratutako sententziak arrazoia eman dio Zudaireri: Poliziaren pilotakada batek zauritu zuen. Horrenbestez kalteordainak eskatzeko bidea ireki dezake Zudairek. Ordea, "pilotakada bota zuen polizia identifikatu ezin izan" dutenez, absolbitu egin dute akusatutako polizia.

Pasa den urtarrilean hasi zen epaiketa, Zudaire zauritu eta sei urte eta erdira. Eragile ugariren babesa jaso zuen, baina fiskalak akusatutako poliziaren absoluzioa eskatu zuen. Epaimahaiak onartu du Zudaire itsu gelditu dela pilotakadaren ondorioz, baina polizia absolbitu du, pilotakada bera bota ote zuen ez baita argi gelditu. Instrukzio fasean akusatuak esan zuen berak bota zuela jaurtigailua, baina, ahozko saioan atzera egin, eta ukatu egin zuen gomazko pilotak jaurti izana. Zudairek berak ere ezin izan zuen polizia identifikatu.

Lesioaren ondorioak

Naiz-ek eskuratutako sententziaren, arabera, ordea, pilotakadak "fotofobia, ikusmen urria eta trauma osteko estresa" eragin diote, eta epaimahaiak ez du baztertzen beste ebakuntza batzuk egin behar izana.

Iñigo Cabacasen heriotzaren harira, polizien politakaden inguruko erreportajea egin zuen BERRIA-k, eta bertan kontatu zuen Zudairek bere kasua. Zauri fisikoak ez ezik, lesioen osteko orbain psikologikoez aritu zen orduan: "Askotan zauri fisikoei erreparatzen diegu, baina pilotakada ematen diotenari agertzen zaizkion mamuak ez ditugu ikusten". Gainera, gomazko pilotak jaurti zituztenak epaitu eta polizia izatea debekatuta, "nahikoa" zuela ere esan zuen: "Ni pozik egongo nintzateke tiro egin zuen poliziari, kalean zeuden polizien arduradunari eta komisariako arduradunari plaka kenduko baliete. Hori litzateke justizia. Ez dut dirurik nahi".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.