Gastronomia

Mundu biraren bosgarren mendeurrena landuko dute Gastronomika biltzarrean

Etzi hasiko da San Sebastian Gastronomikaren XXI. aldia, eta, aurtengoan, Juan Sebastian Elkanoren lehen mundu bira izango du hizpide. Carme Ruscalleda sukaldariak jasoko du Omenaldi Saria.

Gastronomika biltzarraren aurkezpena Basque Culinary Center unibertsitatean, gaur goizean. JON URBE / FOKU
Nagore Arin.
2019ko urriaren 4a
17:16
Entzun

Igandean hasiko da San Sebastian Gastronomika biltzarraren XXI. aldia, eta datorren asteazkenera arte izango da. Aurtengoan, Juan Sebastian Elkanoren lehen mundu biraren bosgarren mendeurrena izango dute hizpide. Hiru urteko bidaia horretan eskifaia kideek topatu zituzten elikagai eta produktuetan jarriko du arreta biltzarrak, mundu biraren aromen eta zaporeen bila.

Hala, Elkanoren eskifaiak eginiko ibilbidea hartuko dute kontuan, Getariatik (Gipuzkoa) hasi, Espainiara jauzi egin, eta Brasil, Argentina, Txile, Filipinak eta Indonesia igarota, berriz ere Euskal Herrira itzultzeko. Horretarako, nazioarteko hainbat ordezkari bilduko dira Donostiako Kursaalean, tokian tokiko jakiak erakusteko. Nazioarteko ordezkariak ez ezik, Euskal Herriko sukaldariak ere izango dira; besteak beste: Andoni Luis Aduriz, Josean Alija, Hilario Arbelaitz, Karlos ArgiƱano, Juan Mari Arzak, Eneko Atxa, Martin Berasategi eta Pedro Subijana.

Biltzarraren XX. aldian, Juan Mari Arzak sukaldariak jaso zuen Omenaldi Saria, eta, aurten, Carme Ruscalledak jasoko du sari hori. Zazpi Michelin izar ditu, eta ,Bartzelonako Sant Pau jatetxea itxi eta urtebetera, berriz ere itzuliko da Kursaalera. Hizlari gisa izan da beste urte batzuetan, eta, oraingoan, sektorearen eta gertuko jendearen saria jasotzera etorriko da.

Pintxoen biltzarra

Urtez urteko jarduerak ez ezik, izango dira berrikuntzak ere; kasurako, Pintxoen I. Biltzarra. Asteazkenean izango da, urriaren 9an, eta dozena bat profesional igoko dira Kursaaleko Ganbera Aretoko agertokira. Pintxoen, barren, taberna ilustratuen, eta, oro har, miniaturazko sukaldaritza proposamenen formatu berri guztien sektoreari balioa emateko asmoz antolatu dute.

Goizetik eguerdira arteko egitaraua antolatu dute, eta, besteak beste, pintxoen bilakaera, pintxoak hutsean ontziratuta, koktel eta cateringerako miniaturazko sukaldaritza, ardoen kudeaketa barran eta pintxoak hartzen ibiltzearen ohitura tradizionalaren ikuspegi garaikidea jorratuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.