Celta 1-0 Athletic

Esku hutsik itzuliko da Athletic Balaidosetik

Etxetik kanpoko lehen garaipena lortu nahi zuen talde zuri-gorriak, baina ez du punturik batzea lortu Celtaren aurkako partidan. Atzean ondo aritu den arren, aurrean kosta egin zaio arriskua sortzea.

Santi Mina Celtako aurrelaria eta Yeray Alvarez Athleticeko atzelaria, baloi bat eskuratzeko lehian. ATHLETIC CLUB, @ATHLETIC_EUS
2019ko urriaren 6a
09:48
Entzun

Athleticek baino aukera hobeak izan ditu Celtak, eta, azkenean, baleko izan zaio sartu duen gol bakarra. Athletic, berriz, kamuts aritu da, zelai erditik gora jokaldiak josteko trebeziarik gabe.

Celtak berehala eman du lehen abisua. Partidako lehenengo jokaldian, gola sartzeko zorian izan da Iago Aspas. Lehenengo ezusteko hori gaindituta, ordea, talde zuri-gorria ongi antolatuta egon da zelaian, defentsa lanetan, eta Celta estutzen saiatu da, goiko lerroekin presio eginez. Hala ere, Celta izan da baloiaren jabe. Talde galiziarrak izan du agintea, eta nagusitasun hori baliatu du arriskua sortzeko.

Aukerak ez dira errenta bihurtu, 72. minutura arte. Ordura arte, Celtak ez du asmatu Unai Simonen atearen aurrean. Athletic, aldiz, txukun aritu da atzean, Celtari eusten. Erasoan izan du gabezia. Arrisku aukerak sortzeko abilezia falta izan zaio.

Gaizka Garitano entrenatzaileak aukera eman dio Oihan Sancet gazte nafarrari, bigarren zatian. Oscar de Marcosen ordez zelairatu du partidaren 65. minutuan. Zelairatu eta gutxira, atera jaurti du baloia, baina Celtako atezainak gelditu egin du. Handik bost minutura, maldan gora jarri zaio partida Athletici. Iago Aspasek zuri-gorrien atea zulatu du, buruz, korner batean.

Golaren ostean, berdinketa lortzeko asmoz, aldaketak egin ditu Garitanok. Gaizka Larrazabal eta Aritz Aduriz zelairatu ditu Mikel Vesga eta Iker Muniainen ordez. Ez da nahikoa izan. Bide beretik jarraitu du neurketak.

Azkenean, esku hutsik itzuliko da Athletic Vigotik (Galizia). Talde zuri-gorria sailkapenaren 12. postuan da, 12 puntu lortuta.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.