Pentsioak

Erretretadunek pentsioen igoera eskatu dute Baionan

Ehun bat erretretadunek elkarretaratzea egin dute Baionako herriko etxearen aitzinean Gure pentsioen apaltzeari ez lelopean, bizi maila apaltzen ari zaiela salatzeko. Haien hitzetan, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen neurriek egoera okertu besterik ez dute eginen.

Erretratudunen elkarrearatzea, gaur, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
'Iparraldeko Hitza'
2019ko urriaren 8a
16:01
Entzun

Ez pribilegiatuak, ez gizarte-laguntza hartzaileak zioen pankartaren atzean, CSG zergaren igoera salatu dute, baina ez bakarrik: gizarte segurantzak ez ditu erremedioak lehen bezala ordaintzen, eta, betaurrekoen edo belarrietako aparatuen doakotasuna ontzat ematen badute ere, hori mutualitateen prezioaren emendatzearekin diruztatuko dela oroitarazi dute; "guk ez dugu enplegatzailearen parte hartzerik mutualitateak ordaintzeko".

Tokiko kolektibitateen ahalak txikitzeak ere kezkatzen ditu, hurbileko zerbitzu publikoen apaltzearen arriskua ikusten dutelako, eta baita edozein desmartxa egiteko Internet erabili beharrak ere: 2022rako zerbitzu publikoak osoki sarean kudeatzea eman dute helburutzat; alta, bost adinekotik batek ez du ordenagailurik.

Azkenik, salatu dute Frantziako Gobernuak martxan ezarri nahi duen erretreten erreforma berriak ere eraginen diela. 

Ez da lehen aldia azken urteetan erretretadunak karrikara ateratzen direna, eta Baionako herriko etxearen aitzinean elkarretaratu direnek baieztatu dute karrikaratzeak emaitzak eman dizkiela azken hilabeteetan: 2019 hondarrerako iragarritako CSGaren igoera bertan behera utzi du Macronek, eta iragarria du 2020rako pentsioen izoztea ere bertan behera utzi beharra duela. Hitzemana du, bestalde, 2021erako pentsio guziei balio gehiago emanen diela. Erretretadunek nahi dute pentsioak lansarien arabera egokitzea, baina honetan ez dute dudarik: "Karrikako mobilizazioak baizik ez ditu gure agintariak mugiarazten". Herriko etxetik suprefekturara manifestazioa egin dute beren aldarrikapenak helarazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.